Ekitaldi ugari Gernikako bonbardaketearen 81. urteurrenean

Bizkaie! 2018-04-24 10:25   Kulturea

Erakusketak eta ibilaldi gidatuak antolatu ditue, besteak beste.

Asteon beteko dira 81 urte Gernikako bonbardaketak izan ziranetik, apirilaren 26an hain zuzen. Horregaz lotuta, ekitaldi ugari antolatu ditu Gernika-Lumoko Udalak, uria astindu eban jazoerearen memoriari eusteko eta pakearen aldeko aldarria zabaltzeko.

Urteurrenaren bezperan hasiko dira ekitaldiak, eguaztenean; egun horretan, Gernika, Bakearen Hiria 41 minutuko barriketaldi-dokumentala aurkeztuko dabe, Elai-Alai aretoan (20:30). Astran, ostera, Oroimen biziko herria gara? izenburupean mahai-ingurua antolatu dabe uriko hainbat alkartek. Bertan berba egingo dabe Amagoia Gurrutxagak, Maria Gonzalez Gorosarrik eta Josu Ibargutxik.

Hurrengo egunean, 26an, Memoriaren Ibilbidea dalakoaren aurkezpena egingo dabe Juntetxean, 11:00etan. 1937ko bonbardaketeari lotutako hamaika leku batzen ditu ibilbide horrek, testigantza eta argazkien bitartez.

Egun horretako hitzordu nagusietako bat Pakearen eta Berradiskidetzearen Gernika Sariak emoteko ekitaldia izango da; aurten saritu bi egongo dira: Daniel Barenboim orkestra-zuzendari israeldarra eta Helena Maleno giza-eskubideen defendatzaile espainiarra. Lizeo Antzokian izango da, 12:30ean.

Arratsaldean, ostera, bonbardaketan hilakoak gogoratzeko tartea hartuko dabe gernikarrek. Batetik, otoitza eta lora-eskaintzea egingo ditue Zallo kanposantuan (16:30) eta, bestetik, manifestazino isila, kandelak eskuan (21:00).

Egitaraua biribiltzeko, domekan, apirilaren 29ren, Hiroshimaren eta Gernikaren memoriak batzeko ekitaldia egingo dabe. Japoniako uriaren ganean bonba nuklearra bota eben 1945ean eta, hortaz, pakearen aldeko aldarrian bat egin dau Gernikagaz. Europako Parkean Hiroshimako bonbardaketea jasan eban gingko arbola baten ondorengoa landatuko dabe. Bertan izango dira Hiroshimako alkate Kazumi Matsui, Mayors for Peace erakundeko buru Yasuyoshi Komizo, eta Gernika-Lumoko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak.

Egitarau zehatzagoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu