Iruri Altzerrekarentzat Eskolarteko Txapelketako bigarrena

Bizkaie! 2018-04-24 09:23   Bertsolaritzea

Durangoko kanporaketan egindako lan onari esker finalerako txartela eskuratu dau.

Argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Alkartea | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Kurutziaga ikastolan jokatu zan, atzo, Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketea. Bederatzi gaztek igon eben oholtzara eta epaileek Iruri Altzerrekari emon eutsiezan puntu gehien.

Ganerako bertsolariak honeek izan ziran: Bittor Altube, Gorka Pagonabarraga, Ander Sarriugarte, Antton Bereziartua, Irune Basagoiti, Janire Arrizabalaga, Ander Azkarai eta Ane Aldana. Iruri Altzerrekak zuzenean finalean kantetako txartela irabazi dau, baina ganerakoek beste kanporaketetako puntuazinoen zain geratu beharko dabe, azken saioan lekurik daben jakiteko.

Gai-emoilea Ainhoa Urien izan zan, eta epaileak Leire Etxebarria, Alaitz Etxanobe eta Miriam Juaristi. Idazkaria, barriz, Jone Antsotegi izan zan.

Bizkaiko Eskolarteko Txapelketeak lau kanporaketa izango ditu. Lehenengoa joan dan astean jokatu zan Deustun eta Maite Sarasolak irabazi eban. Bigarrena atzokoa izan zan, Durangon. Hurrengo biak honeek izango dira: gaur, hilak 24, Erromon; eta bihar, hilak 25, Lemoan; arratsaldeko 17:00etan hasiko dira.

Azken buruan, finala maiatzaren 6an izango da, Balmasedan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu