Euskal Memoria Fundazinoa, Ibilbideari Elkar sariaren irabazle

Bizkaie! 2018-04-20 09:35   Kulturea

MA kolektiboak Joseba Jaka bekea jaso dau.

III.Elkar sariak emoteko ekitaldia ospatu dabe Andoaingo Martin Ugalde Kultura Parkean. Egitasmo honen helburu nagusia da kultura ekimenari laguntzinoa emotea, baita, komunikazino ikuspegi batetik, Elkarrek egiten dauen lana ezagutzera emon eta Euskal Herriko eragileakaz batera partekatzea be.

Aurten Ibilbideari Elkar saria eta Joseba Jaka bekea banatu ditue. Lehena urtero emongo da eta bestea urte btik behin.

Joseba Jaka bekea barriro martxan jarri zanean, ez zan mugatu literatura lanetara, sormen beka moduan eratu zan. Horregaitik, aurtengo deialdia antzerkia lantzeko izan da. Bederatzi lan aurkeztu ziran deialdira eta Agurtzane Intxaurraga, Iratxe Retolaza eta Jaime Valverdek osotutako epaimahaiak MA kolektiboak aurkeztutako proiektuari bekea emotea erabagi eban, Lua kastore antzezlan proiektuari, hain zuzen be. Andoaingo ekitaldian, kolektiboko kide diran Eneritz Zeberio, Oihane Enbeita eta Andoni Gartziak jaso eben saria, Elkar Fundazinoko Oihane Jakaren eskutik.

Ibilbideari Elkar saria, barriz, Euskal Memoria Fundazinoak eroan dau aurten; honek memoria historikoa errekuperau eta ondorengoen eskura jarri nahi dau Euskal Herritik bertatik, bertakoen bidez landuta.
 
Balio bi ikusten ditu hor Elkar Fundazinoak, bere egiten dituanak eta oso garrantzitsu joten dituanak: Batetik, geure buruaren jaube izateko ahalegina, garrantzitsua begitantzen jakulako Euskal Herrian gai izatea zer izan nahi dogun erabagiteaz gan, zer izan garen eta zer jazo dan irakurri, ulertu eta zabaltzeko kapaz izatea. Bestetik, transmisinoa, herri honen historia eta kulturea guk geuk zabaldu behar dogu ondorengoen artean, eta bide horretan garrantzi handikoa da Euskal Memoria Fundazinoaren ekarpena. Dinoenez, ganera, ez da asmo soila, hartutako konpromisoari eutsiz, urtero liburu bat argitaratzen dabe eta aldizkari bi, egindako lana gizarteratzeko helburuagaz.

Egiten dabilen lanagaitik, eta jarraipen luzea izateko itxaropenagaz, 2018ko Ibilbideari Elkar saria Euskal Memoria Fundazinoarentzat da beraz eta Gotzon Huegun artegile lasartearrak egindako artelana jaso dabe saritzat. Iñaki Egaña Euskal Memoria Fundazinoko ordezkariak jaso dau saria Joxemari Sors Elkar Fundazinoko lehendakariaren eta Jon Jaka idazkariaren eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu