30 urtean idatzitako poemak argitaratu ditu Karlos Cid Abasolok

Bizkaie! 2018-04-20 08:29   Kulturea

Olgetarako eta gogoetarako helburuak daukaz Keinu konplizeak lanak.

Irakaslea eta itzultzailea da Karlos Cid Abasolo, baina baita idazlea be, orain arte plazaratu dituan liburuak saiakerak izan badira be. Aspaldi hasi zan poesia idazten eta Keinu konplizeak bildumara orain dala 30 urtetik hona sortutako hainbat testu ekarri ditu. Hortaz, zaharrak eta barriak buztartzen dira Susa argitaletxeagaz plazaratutako liburuan. Keinu konplizeak aurkezteko Donostian egindako agerraldian Leire Lopez Susako editorea egon da Cid Abasologaz batera.

Olgetarako erabili dau liburua Cid Abasolok, irakurleagaz konplizidadea lortu nahian. Horregaz batera, gogoeteari bidea zabaltzea izan da olerkiok idatzi eta plazaratzearen beste helburu nagusia. Autoreari errazago egiten jako bere pentsamenduak poesiaren bidez adierazotea, testu filosofikoetan baino.

Lau ataletan banatuta dago Keinu konplizeak. Lehenengoan dagoz poemarik zaharrenak eta hurrengo bietan zaharrak eta barriak sartu ditu, alkarren alboan. Azkenaldiko olerkiak laugarren atalean dagoz, gehienbat. Kapitulu bakotxean, ganera, Karlos Cid Abasolo desbardin bat agiri da, inguruari eta jazoten jakonari begiratzeko lau modu diferente.

Cid Abasolok aspalditik daukaz hartu-emonak Susa argitaletxeagaz; 1990ean, txekieratik itzulitako poema batzuk argitaratu eutsiezan argitaletxearen aldizkarian.

Euskereagaz be aspalditik dauka loturea Karlos Cid Abasolok, madrildarra izan eta han bizi dan arren. Aitita bat Portugaletekoa eukan eta euskerea ikastera animau eban Cid Abasolo gaztea. Espainiako uriburuko Euskal Etxean ikasle eta irakasle izan zan, unibersidadean euskerea sakon aztertzen hasi baino lehen. Itzultzaile zein ikerlari legez, euskerea beti lan tresna izan dau Cid Abasolok. Keinu konplizeak Portugaleteko aititari eskaini deutso.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu