Tosta Bandak birea egingo dau Hego Euskal Herriko lau uriburuetan

Bizkaie! 2018-04-20 08:09   Musikea

Europako hizkuntza gitxituetako musikariak dagoz taldean eta Kukairen laguntzinoa izango dabe kontzertuetan.

Proiektu berezia da Tosta Banda, Europa guztiko artistak batzen ditu eta. Ganera, kide guztiak hizkuntza gitxituetakoak dira. Esate baterako, euskal ordezkariak Oreka TX taldekoak eta Ixi Jauregi txalapartaria dira. Hamar musikarien artean, euskaldunez gan, honeek herriak dagoz ordezkatuta: Eskozia, Galizia, Irlanda, Frisia, Gales eta Kornualles.

Aniztasunaren orkestreak euskal publikoaren aurrean bere burua aurkezteko aukera parebakoa izango dau apirilaren azken astean, Hego Euskal Herriko lau uriburuetan kontzertu bana joko dau eta, danak areto garrantzitsuetan.

Gasteizko Principal Antzokian hasiko da birea, hilaren 26an. Biharamunean, Iruñeko Gayarre antzokian joko dau Tosta Bandak eta 28an, Donostiako Kursaalen. Amaitzeko, hilaren 29an, domekan, Bilboko Arriaga Antzokian entzun ahal izango da Europa guztiko doinuen nahasketa hau.

Bira berezi honetarako laguntzaile bikainak izango ditu Tosta Bandak: Kukai jantza taldeko kide bi eta Kornuallesko jantzari tradizional bat egongo dira oholtzan, ikuskizunaren osogarri. Abestiei jagokenez, Tosta Bandaren ohiko estiloari eutsiko deutsie: Herri gitxituetako tresna, estilo eta erritmoak buztartuta ondare tradizionala berrinterpretauko dabe, indar bisual eta musikal handiko saioan. Txikiak izan arren, alkarregaz sumendia gara, aldarrikatu dabe Tosta Bandakoek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu