Busturiko zeramika-fabrikea ardatz Labayruren bideoan

Bizkaie! 2018-04-18 10:11   Kulturea

Horregaz lotuta, erakusketea ipini dabe Altamirako Kultura Etxean.

Busturiko Udaleko eta Labayruko ordezkariak bideoaren aurkezpenean (argazkiak: Labayru Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hogei urtez San Mames izeneko zeramika-fabrikea martxan egon zan Busturian, 1842tik 1862ra. Labayru Fundazinoko adituek egin daben bideoan lantegi horren inguruko jakingarri guztiak dagoz: testuinguru historiko-ekonomikoa, fabrikearen sortzaileak, produktuen ezaugarriak eta Busturiko zeramikeak Uzelai pintoreagaz izan eban loturea, besteak beste.

Mende eta erdi geroago, San Mames fabrikearen arrastorik ez da geratzen ia. Ingurua itsasoko olatuetatik babesten dauen hormea baino ez da zutunik geratzen, Busturiko Axpe auzoan. Sasoi baten, baina, Bizkaiko buztingintzearen eta zeramikearen aitzindariak izan ziran paraje haretan. Itsasora begira bizi zan herri ha zeregin horretara zerk bultzatu eban azaltzen ahalegindu da Labayru bideoan.

Zeramika-fabrikearen gai hau aztertzeko hainbat aditu izan ditue alboan: Javier González de Durana eta Cosme de Barañano artean doktoreak; Marian Alvarez, Bilboko Euskal Museoko teknikaria; eta Amaia Apraiz eta Ainara Martínez Matía, Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Alkarteko kideak. Lan honi esker, busturiarrek ahaztuta euki daben herriko eta Bizkaiko ondare berezia berreskuratzeko aukerea dabe. Zoritxarrez, fabrika eta ontziteria honeen gomutea ia guztiz galduta egon da, azaldu dau Labayruk.

Busturi ipuinetakoa dirudi da ikus-entzunezkoaren izenburua. Ikusi bideoa hemen.

Altamirako Kultura Etxean egindako aurkezpen publikora, apirilaren 13an, herriko jente ugari joan zan, aretoa bete-bete egin arte. Busturiko Udalaren izenean, Idoia Etxebarria, Iñaki Inzunza eta Naiara Ruiz zinegotziak egon ziran. Javier Gonzalez de Durana adituak be parte hartu eban eta Labayruren izenean Adolfo Arejita eta Akaitze Kamiruaga joan ziran.

Bideoaren aurkezpenagaz bat eginaz, Busturiko Udalak eta Euskal Museoak gai beraren inguruko erakusketea ipini dabe Altamirako Kultura Etxean, apirilaren 26ra arte. Pieza bereziak eta fabrikearen historiaren errepasoa topauko ditue bisitariek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu