Zientzia Azokea egingo dabe zapatuan Bilbon

Bizkaie! 2018-04-18 09:43   Kulturea

90 proiektu zientifiko eta teknologiko aurkeztuko ditue Plaza Barrian.

Zapatuan, apirilaren 21ean, n Bilboko Plaza Barrian egingo dan Zientzia Azokea bete-betea datorrela aurreratu dabe aurkezpenean antolatzaileek. Eguerdiko 12:00etan emongo deutsie hasierea eta iluntzeko 20:00ak arte izango da zer ikusi eta zer ikasi.  Bertan, ikertzaile gazteek ikasturtean erronka bati edo galdera bati erantzuteko landutako ikerketa-proiektuak eta proiektu teknologikoak erakutsiko ditue. Gazteek urtean zehar eginiko lanak izango dira protagonista. Aurten, ganera, ikertzaile profesionalek euren proiektuak aurkeztuko ditue Eremu profesionalaren gunea deiturikoan.

Azokeak barritasun bi dakarz; alde batetik, unibersidadeen inplikazinoa ikertzaileen parte-hartzeagaz eta beste alde batetik, Nazino Batuen 2030 Agendearen barruan, Garapen Iraunkorreko Helburuei (GIH) jarraituta lanak atontzea.

Danetara, 90 proiektu aurkeztuko ditue Zientzia Azokan 313 gaztek eta arduradunek aurreratu dabenez, zapatuan Bartzelonako Exporecerca eta Galiciencia zientzia-azoketan irabazle izan diran talde bi be izango dira.

Elhuyarrek atontzen dau urtero Zientzia Azokea Bilboko Udalaren babesagaz eta Euskal Herriko Zientzia eta Teknologia Sareagaz alkarlanean. Hain zuzen, Ikerbasqueko, EHUko, Nafarroako Unibersidade Publikoko, Mondragon Unibersidadeko, Deustuko unibersidadeko, Digipen Teknologia Institutuko eta Tecnaliako ikertzaileen laguntzinoa jaso dabe gazteek euren lana egiteko.

Gazteakan zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazinoak biztutea eta zientzia eta teknologia alorreko personak gazteei hurreratzea dira ekimen honen helburu nagusiak.

Zientzia Azokearen aurkezpenean, Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza zinegotzi Koldo Narbaiza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikerketearen zuzendari Amaia Esquisabel, eta Elhuyarreko zuzendari nagusi Leire Cancio izan dira. Honeekaz batera, Sodupeko Maitane Alonso Monasterio gaztea, igazko Zientzia Azokan eta aurten Bartzelonako Exporecerca Jove azokan irabazle izandakoa be izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu