Eider Rodriguezi emon deutsie Zidarrezko Euskadi Saria

Bizkaie! 2018-04-18 08:26   Kulturea

Bihotz handiegia liburuagaitik nabarmendu dau Liburu Denden Alkarteak.

Liburuaren Nazinoarteko Eguna hur dagoala eta, Gipuzkoako Liburu Denden Alkarteak Zidarrezko Euskadi Sariak emon ditu, azkenaldiko liburu onenak nabarmentzeko asmoz. Euskerazko atalean, Eider Rodriguezen Bihotz handiegia izan da irabazlea eta, gaztelaniazkoan, Vivian Gornick estadubatuarraren Apegos feroces.

Susa argitaletxeagaz plazaratu eban Rodriguezek Bihotz handiegia, 2017ko udagoienean. Izatez, sei narrazino laburren bildumea da liburu hori, eta guztietan emakumezkoak dira protagonistak. Egoera gatx edo absurdoetan aurrera egiten daben emakumeen istorioak dira, indarrez beteriko pertsonaienak. Liburu Denden Alkartearen arabera, gogoetarako bidea zabaltzen dabe liburuko istorioek.

Bestetik, Vivian Gornick-en Apegos feroces autorearen memorien bildumea da. Amagaz daukazan hartu-emonak jorratzen ditu, New Yorken belaunaldi bitako emakume judu biren arteko talkea.

Liburuaren Eguna apirilaren 23an dan arren, sariak emoteko ekitaldia maiatzaren 15ean izango da. Eider Rodriguez eta Vivian Gornick idazle sarituek berbaldi baten parte hartuko dabe egun horretan. Gipuzkoako Liburu Denden Alkarteak azaldu dauenez, Zidarrezko Euskadi Sarien bidez, salmenta handiak izan ez arren kalidade bikaineko obrak diranak nabarmendu nahi ditue.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu