'Bertatik bertara' laguntzino-programea martxan da

Bizkaie! 2018-04-17 12:55   Kulturea

Bilbo, Gijon eta Santanderreko uriek zabaldu dabe deialdia kultura proiektuetarako.

Bilbok eta Santanderrek 2012tik daukie lankidetza-hitzarmen bat kultura arloko proiektuak eta jarduerak modu bateratuan sustatzeko. Igaz, barriz, Gijon batu zan egitasmo horretara. Hiru urietako ordezkariek Bertatik bertara 2018 programako oinarriak ezagutzera emon ditue. Holan, Bilbo, Gijon eta Santanderreko enpresek, alkarteek eta kultura arloko beste eragile batzuek sustatutako sei proiekturi laguntzinoa emon ahal izango jake.

Konpromiso horren harira, Bilboko Udalak, Santander Creativa Fundazinoak eta Gijoneko Kultura, Hezkuntza eta Unibersidadeko Fundazinoak proiektuetarako poltsa bat jarriko dabe, 60.000 eurokoa.

Zenbateko honen helburua da egoitzea Bilbon, Santanderren edo Gijonen daben profesionalen, enpresen edota bestelako erakundeen proposamenak jasotea, gero proiektu horreek hiru urietako kultura jardueretara gehitzeko.

Poltsa horren kargura, gehienez be sei proiektu aukeratuko dira. Horreek barritzaileak eta gitxienez, hiru urietatik bitako kultura agenteek batera jardun izanaren emoitzea izango dira. Proiektuok hiru urietako edozeinetan gauzatu ahal izango dira, baina lehentasuna izango dabe bitan edo hirutan gauzatzekoak badira.

Proiektuok info@santandercreativa.com helbide elektronikoan aurkeztu ahal izango dira maiatzaren 18ra arte. Eskaria egiteko eredua eta programearen oinarriak hemen.

Epaimahaia hiru udaletako kultura arloko kideek osotuko dabe eta deialdiko oinarrietara ondoen egokitzen diran sei ekimenak aukeratuko ditue. Proiektuok hiru helburuetako bat bete beharko dabe: Hiru urien artean hartu-emon egonkorra izango dauen kulturako sektore profesionala sortzea, jarraipena emotea eta aberastea; Bilboko, Santanderreko eta Gijoneko kultura programazinoa aberastuko daben proposamenak sortzea; Jarduerea hiru urietan garatzen daben kultura arloko edo sortzaileko profesionalen, enpresen eta bestelako erakundeen artean laneko sareak abian jartea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu