Alex de la Iglesia zinemagilea sarituko dau Ja! Bilbaok

Bizkaie! 2018-04-17 10:54   Zinemea

Jaialdia irailaren 27tik urriaren 7ra egingo da.

Umorezko Literaturearen eta Artearen Nazinoarteko Jaialdiak Álex de la Iglesia sarituko dau aurten. Autortza horregaz, zinemagile bilbotarraren ibilbide profesionala publikoaren aurrean goraipatzea da asmoa, izan be, jaialdiko arduradunek dinoenez, urte honeetan guztietan sormenezko uniberso guztiz personala eta bikaina sortu dau, eta, bertan, umoreak be aparteko garrantzia izan dau.

Ja! Bilbao datorren irailaren 27tik urriaren 7ra ospatuko da uriko hainbat gunetan eta urriaren 6an saria emongo deutsie zinemagileari. De la Iglesia komikien marrazkigile moduan egin zan ezagun 1980ko hamarkadan. Harrezkero, haren lana satireari eta umore baltz, garratz eta basatiari lotuta egon da, eta berak umorea askatasunaren berme moduan ulertzen dau. Umoreari mugak jarten badeutsazuz, aldi berean pensamenduari be jartzen deutzazuz, adierazo dau.

Álex de la Iglesia zuzendari, produktore eta gidoilaria da eta Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako lehendakaria izan zan 2009tik 2011ra. Bere filmografiaren parte dira, besteak beste, Acción mutante (1993), El día de la Bestia (1995), Perdita Durango (1997), La comunidad (2000), Balada triste de trompeta (2010) eta Las brujas de Zugarramurdi (2013). Bere azkeneko lana, Perfectos desconocidos (2017) izenekoa, Perfetti sconosciuti (Paolo Genovese, 2016) italiarraren egokitzapen bat da.

Kontuak kontu, 20.000 euroko BBK Ja! Bilbao sariak omenaldia egiten deutso urtero bere obran umorea elementu nagusitzat hartzen dauen nazinoarteko persona famatu bati. Aurretiaz saria jaso dabenen artean dagoz Tom Sharpe, Francisco Ibáñez, Ismail Kadaré, Robert Crumb, Julian Barnes, Fernando Trueba, John Cleese eta Joyce Carol Oates.

Bestalde, jaialdiaren bederatzigarren edizinoko kartelaren irudiak Álex de la Iglesiaren bigarren film luzea iradokitzen deusku: El día de la Bestia. 1995ean, 14 Goya sari jazoteko izentau eben eta, azkenean, sei irabazi zituan, baita zuzendari onenaren saria be. Horri esker, bere ibilbide profesionalari behin betiko bultzadea emotea lortu eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu