Bizkaia Talent eta Unesco Etxea, Zientzia Azokearen laguntzaile

Bizkaie! 2018-04-11 09:47   Kulturea

Elhuyar Fundazinoagaz sinatu dabe lankidetza-hitzarmena erakunde biek.

Leire Cancio Elhuyar Fundazinoko zuzendari nagusiak eta Ivan Jimenez Bizkaia Talent-eko zuzendari gerenteak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe. Honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko alkarte horrek azokan parte hartuko daben gazte-talde bat Mouvement International pour le Loisir Scientifique et Technique (MILSET) erakundeak atondutako ekintza batera eroateko ardurea hartuko dau.

MILSET irabazi-asmorik bako gobernuz kanpoko erakunde bat da eta bere helburua da persona gazteakan kultura zientifikoa garatzea, zientzia eta teknologia-programak atonduz: zientzia-azokak, kanpamendu zientifikoak, kongresuak eta kalidade handiko beste jarduera batzuk.

Ganera, talentua kudeatzen espezializauta dagoan erakundea izanik, Zientzia Azokan parte hartuko daben gazteei lau plaza eskainiko deutsez Bizkaiko Profesionaltasunerako Eskumenen Programan parte hartzeko.

Era berean, UNESCO Etxeak be, euskal gizartearen eta nazinoarteko komunidadearen arteko alkarreragin eraldatzailea sustatzen dau, eta eretxi eta erespide propioak emoten ditu, ikerketearen, eraginaren, prestakuntzearen, barrikuntzearen eta dibulgazinoaren bitartez. Horregaitik, hain zuzen be, Elhuyar Fundazinoagaz lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Leire Canciok eta UNESCO Etxearen zuzendari Arantzazu Achak.

Hitzarmen bi honeei esker, Zientzia Azokearen aurretiko ekimen eta ekitaldietan lagunduko dabe Bizkaia Talentek eta UNESCO Etxeak, bai eta 2018ko apirilaren 21ean Bilbon izango dan azokan bertan parte hartu be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu