Juanjo Olasagarrek irabazi dau Xabier Lete poesia saria

Bizkaie! 2018-04-11 08:14   Kulturea

Hemen izeneko bildumea aukeratu dau epaimahaiak, 31 parte-hartzaileren artetik.

Erdian, Juanjo Olasagarre (argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sekula baino hautagai gehiago izan ditu IV. Xabier Lete euskerazko nazinoarteko poesia sariketeak, 31 hain zuzen, eta horreetatik guztietatik hiru pasau dira finalera. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera emon dauenez, Juanjo Olasagarre idazle nafarrari emon deutsie sari nagusia, Hemen poemategiagaitik. José Ramón Andak egindako eskulturea eta 12.000 euro jasoko ditu irabazleak. Hemen lana argitaratu egingo dabe.

Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariaren esanetan, Xabier Letek euskerazko poesia belaunaldi oso bati hurreratzea lortu eban. Diktadurearen eta euskerearen inguruko kezkek bultzatu eben idaztera baina alderdi personalago eta intimo baterako bidea hartu eban gero Leteren obreak. Hori guztia gogoratzeko, Xabier Lete izena daroa lehiaketeak.

Aurten laugarrenez antolatu dau Gipuzkoako Foru Aldundiak sariketa hau. Aurreko edizinoetan, Karlos Linazasorok, Luis Gardek eta Asier Serranok irabazi eben sari nagusia. Oraingo honetan, Juanjo Olasagarreren Hemen lana aukeratu dau epaimahaiak, baina beste bilduma finalista biak be nabarmendu nahi izan ditu, Hegodun poemak eta Urtaroak eta zeinuak izenekoak.

Azken urteotan idatzitako olerkien bildumea da Hemen. Askotariko poemak dagoz, formeari zein gaien aldetik. Epaimahaiaren ustez, aberatsa da egituran zein autorearen ahots bakar baina sendoan. Ondokoa ganeratu dau: Gizon egin baten bizitzearen zatietatik sortzen dan hausnarketa liriko eta aldi berean petrala eskaintzen dau obra honek: Urbanotasuna, natureagazko atxikimendu mikatza, norbere buruagaz arroztasuna, maitasuna, ez-maitasuna, bultzada homoerotikoak...

Hemen ez da Olasagarreren lehenengo poemategia, baina aspaldian olerkigintzan ezer plazaratu barik egon da Arbizuko idazlea. Puskak biziz izan zan azkena, 2000. urtean. Aurretik, Gaupasak eta Bizi puskak argitaratu zituan. Nobelak, antzerkia, kronikea eta abar be idatziak ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu