'Matematikak eguneroko bizitzan' zikloa Bilbon

Bizkaie! 2018-04-10 11:03   Kulturea

Eguenean, hilaren 12an, abiatuko da programea Bidebarrietako Kulturgunean.

Matematikak eta euren errealidadea gizarte osora hurreratzeko asmoz jarri ditue abian topaketa honeek. Danetara, lau berbaldi emongo ditue ibilbide luzeko eta zirkulu zientifikoetan ospe handiko matematikariek.

Saioak Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, arrastiko 19:30etik aurrera, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Aurreko edizinoetan egin daben moduan, oraingoan be berbaldiak zuzenean jarraitu ahal izango dira www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

El azar en lo cotidiano berbaldia izango da zikloari hasierea emongo deutsona, eguen honetan bertan, apirilaren 12an, eta María Xosé Rodríguez Álvarezek, Basque Center for Applied Mathematics alkarteko Matematika doktoreak eskainiko dau. Lehenengo saio honek probabilidadeak eta estadistikeak gure bizitzan guk uste baino leku handiagoa beteten dabela erakutsi nahi dau.

Apirilaren 19an izango da bigarren jardunaldia Jorge Buescu Portugaleko Matematika Alkartearen presidentearen eskutik. El milagro del primer dígito izeneko berbaldi honek ariketa erraza proponiduko deutse bertaratutakoei, eguneko egunkaria hartu eta aitatzen diran zenbakiak idatzi, berrehun zenbakiko zerrendea egin arte. Zenbaki horreen lehen digituari begiratu ezkero, gehien agertuko dan digitua 1 izango da, eta maiztasunak beherantz egingo dau, gitxien agertuko dan 9ra heldu arte. Bitxikeria bat baino gehiago dala dinoe antolatzaileek, gaur egun teorema hori iruzur fiskalaren kontra burrukatzeko erabilten da.

Programazinoak apirilaren 26an jarraituko dau, Isabel Fernández Delgado doktoreak eskainiko dauen Superficies de película… de jabón saioagaz. Izan be, natureak batzutan kapritxozkoak edo aleatorioak diruditen formak hartzen ditu, baina forma horreek matematikek zehazten ditue. Berbaldian, geometriak azalera horreetako batzuen portaerea ulertzen laguntzen deuskun modua erakutsiko da.

Egitaraua maiatzaren 3an amaituko da, Inmaculada Arostegui doktore, EHUko Matematika Aplikaduko irakasle eta Basque Center for Applied Mathematics alkarteko ikerlariaren Matematikak gure osasunaren alde berbaldiagaz. Saioak matematikek osasunaren alorrean dituen aplikazinoak erakutsiko ditu, izan be, matematikek oso leku garrantzitsua beteten dabe osasun publikoaren alorrean, gaixotasunen prebentzinoan, txertoen diseinuan, gaixotasunen diagnostiko goiztiarrean, arrisku faktoreen identifikazinoan edo botiken garapenean, besteak beste.

Matematikak eguneroko bizitzan programea Bilboko Udalak, Euskal Herriko Unibersidadeko Zientzia eta Teknologia Fakultadeak eta Real Sociedad Matemática Españolak atondu dabe alkarlanean, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) eta Radio Euskadiren laguntzinoagaz. Zikloa Bidebarrieta Zientifikoaren urteko programazinoaren barruan dago. Ekimenak beste programa batzuk be jasoten ditu, Darwinen Eguna eta Ellas hacen ciencia, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu