'Johannes Passion' oratorioaren estreinaldia, Arriaga Antzokian

Bizkaie! 2018-04-09 11:44   Musikea

Bach-en obrearen moldaketea Calixto Bieitok egin dau.

Calixto Bieito eta ganerako artistak, Arriaga antzokian (argazkia: Arriaga) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Arriagak Parisko Théâtre du Châtelet antzokiagaz bat egin dau denporaldiko estreinaldi handienetako bat produzidu eta aurkezteko. Munduko estreinaldia, ganera, Bilbon bertan izango da, hil honen 13an eta 14an, barikuan eta zapatuan. Bach-en Pasinoa San Juanen arabera BWV 245 lanaren eszenarako moldaketea da Johannes Passion.

Konpositore alemaniarraren pieza ezagun hori oratorio bat da. Arriaga Antzokiko zuzendaria be badan Calixto Bieito arduratu da eszenaratze moderno hau atontzeaz. Bere aginduetara, nazinoarteko goi mailako artistak egongo dira: Batetik, sei bakarlari: Joshua Ellicott tenorea, James Newby baritonoa, Robert Murray, Jonathan McGovern, Berit Norbakken Solset eta Carlos Mena, azken hau arabarra.

Bestetik, prestigio handiko sei ahots horreei musikaz laguntzen, Bilboko Orkestra Sinfonikoa egongo da Arriagako emonaldietan, Erik Nielsen zuzendari dauela. Koruak, ostera, Bilboko Opera Koruaren 40 kantarien zeregina izango dira.

Antolatzaileek azaldu dabenez, Johann Sebastian Bachen maisulana gizatasunez eta edertasunez eroan dau Bieitok oholtza ganera. Johannes Passion lanak indarkeriaz erakusten dau erredentzinora daroan bizitzako bide hori. Bettina Auer musikologo eta filologo alemaniarraren laguntzinoa izan dau Bieitok dramaturgiaren atalean. Eszenografia Aida Leonor Guardiarena da.

Johannes Passion apirilaren 13an eta 14an ikusi ahal izango da Arriagan, 20:00etan. Sarrerak salgai dagoz, 15 eta 51 euro artean. Ganera, hilaren 11n entsegu orokorra egingo dabe eta sare sozialetan Arriaga Antzokia segiduten daben 30 urtetik beherako gazteek doban sartzeko gonbidapenak eskuratu ahal izango ditue.

Arriagakoa aukera bakarra izango da 2018an Johannes Passion ikusteko, beste emonaldirik ez da egongo eta. 2019an, Parisko Théâtre du Châtelet-en emongo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu