Euskal ikus-entzunezkoak Cannesen

Bizkaie! 2018-04-06 13:38   Zinemea

Miptv azoka entzutetsura katalogo zabala eroango dabe, Basque Audiovisual markapean.

Cannesko Miptv azokea (argazkia: Etxepare) | Ikusi handiago | Argazki originala

Frantziako Cannes uriko Miptv merkadua apirilaren 9tik 12ra bitartean egingo da eta, aurreko urteetan legez, hainbat euskal enpresa bertan izango dira. Basque Audiovisual izeneko gunean alkartuko dira danak, Eiken klusterraren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadi erakundearen arteko alkarlanari esker.

Miptv munduko telebista eta media azoka esanguratsuenetako bat da eta entretenimendu digitaleko sektorearen nazinoarteko eragile garrantzitsuenen topagunea. Hori dala eta, merkadu hau aukera bikaina da erosleakaz kontaktuak egin eta sektorearen nazinoartekotzea sustatzeko.

Aurten A film to kill for, Bilbao Seriesland, EiTB, Expressive Media Project, Pausoka Entertainment, Prime Time Media eta The Blackout Project egongo dira Basque Audiovisual gunean. Euskal jatorriko animazino, dokumental, film eta multimedia produktuak Basque Audiovisual katalogoan jasoko ditue, azokako beste parte-hartzaileen artean banatzeko.

Enpresa eta proiektu horreekaz batera, Eikeneko eta Etxepare Institutuko ordezkariak be joango dira Cannesera, nazinoarteko kontaktuen sarea indartu eta euskal enpresentzat negozio aukerak sortzeko helburuagaz, izan be, Etxeparek jakinarazo dauenez, azoka honetan parte hartzeak euskal produktuak saldu, produzidu, ezagutzera emon eta nazinoartekotzeko aukerea eskaintzeaz gan, beste herrialdeetako sortzaile, produktore, banatzaile eta sektoreko profesionalakaz bat egitea errazten dau. Euskal Herria nazinoarteko produkzino-gune legez aurkeztuko dabe.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu