Errekorra Rockein lehiaketan

Bizkaie! 2018-04-06 11:53   Musikea

135 artistaren lanak jaso ditue, sekula baino gehiago.

Los Cosméticos taldea igazko finalean. Eurek irabazi eben sari nagusia (argazkia: Rockein) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtetik urtera hazten doan lehiaketea da Basauriko Rockein, Hego Euskal Herriko talde eta bakarlariei zuzendutako musika-sariketea, parte-hartzaileei jagokenez behinik behin. Aurtengo deialdiari erantzunez, 135 talde eta bakarlarik bialdu dabe euren maketea, orain arteko sei edizinoen artean kopururik handiena. Aurreko errekorra igazkoa zan, 119 parte-hartzailegaz. Epaimahai batek erabagiko ditu finalistak eta Rockein jaialdia bera maiatzaren 12an egingo dabe, Social Antzokian.

Ganera, antolatzaileek nabarmendu dabe izena emondako guztien artean, 27 bertakoak dirala, hau da, gitxienez kideren bat Basaurin, Galdakaon, Arrigorriagan edo Laudion erroldauta daukie. Euskerazko talderik onenaren atalean, bestetik, 24 dagoz izena emonda.

Maiatzaren 12ko finalean hainbat sari emongo ditu epaimahaiak: Irabazle nagusiari EP profesional bat plazaratzeko eta bideoklipa grabetako laguntzinoa emongo deutsie. Horrezaz gan, Bizkaiko jaialdi handi baten joko dau. Bertako talde onena, euskerazko onena eta publikoaren saria be emongo ditue Social Antzokiko ekitaldian.

Dana dala, publikoaren saria ez dabe egunean bertan erabagiko, sare sozialen bidez baino. Rockeinen Facebook orriaren bidez botoa emoteko aukerea dabe zaleek dagoeneko, eta apirilaren 25era arte egongo da epea zabalik. Bozketan parte hartzen dabenen artean sariak zotz egingo ditue.

Epaimahaian, ostera, honeek dagoz: Arantzazu Pinto Nara Madrilgo Mad Cool jaialdiko kidea; Álvaro Fierro musika kritikaria, dokumental musikalen zuzendari eta Cultumetría enpresako arduraduna; Amets Rodríguez Mundaka Festivaleko zuzendaria; Jon Hervás Shake klubaren eta Solifest eta Unisound jaialdien eragilea; Amaia Santana kazetari aditua; Iker Bárbara MondoSonoro aldizkari musikaleko kidea; Joseba Vegas BI FMko zuzendaria; Jon Aguirrezabalaga produktorea eta WAS musika taldeko kidea; Asier Arrieta EHUko irakaslea; Igone Beloki Basauriko Udaleko zinegotzia; eta Koldo Goioaga Galdakaoko Udaleko zinegotzia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu