Plazatik Gaztetxera bertsolari gazteen txapelketea abian da

Bizkaie! 2018-04-05 10:15   Bertsolaritzea

24 bertsolarik parte hartuko dabe eta finala maiatzaren 12an izango da Ondarroan.

Udabarriagaz batera Plazatik Gaztetxera txapelketea martxan da barriz be. Gaur, eguena, emongo deutsie hasierea Oñatin, urtebeteko geldialdiaren ostean. Orain arte banaka zein binakako formatua izan dau ekimenak eta aurten banakako lehiaketea izango dala iragarri dabe antolatzaileek. Aurreko urteetako ohiturari jarraituz, zazpi saio izango dira Oñati, Deba, Soraluze, Ondarroa, Eibar, Itziar eta Zestoako gaztetxeetan eta bertan 24 bertsolarik parte hartuko dabe. Herri horreetako gazte asanbladek atontzen dabe txapelketea alkarlanean. Finala maiatzaren 12an izango da Ondarroan.

Txapelketearen helburuak bi dira: alde batetik, bertsolari gazteei jentaurrean kantetako aukerea eskaintzea eta, bestetik, bertsoa gazteei hurreratzea, horretarako tresna lez gaztetxeak erabiliz.

Txapelketea hiru fasetan banatuko da. Lehenengoan lau kanporaketa jokatuko dira, saio bakotxean sei bertsolarik parte hartuko dabe eta bakotxetik hiru sailkatuko dira finalerdietara. Bigarren fasean finalerdi bi izango dira eta horreetako bakotxean sei bertsolari. Kanporaketetako dinamikeagaz jarraituz, finalera be saio bakotxeko hiru sailkatuko dira.

Kanporaketetan eta finalerdietan gaztetxeetan afaltzeko aukerea egongo da 20:30ean, eta saioak 22:30ean hasiko dira. Finala, barriz, 18:00etan hasiko da; aurretik bertso poteoa eta bazkaria egongo da 15:00tan.

 

Kanporaketak

- Apirilak 5, Oñati. Ander Lizarralde Pertzi, Urko Arregi Markuleta, Odei Irigoien Azpitarte, Alexander Idoeta Anakabe, Antton Aizpurua Aldape eta Gontzal Belategi Zubia.

- Apirilak 6, Zestoa. Manex Astigarraga Bergara, Aissa Intxausti Aburruza, Mikel Iturriotz Etxaniz, Ane Peñagarikano Leiva, Lurdes Ondaro Mallea eta Beñat Torres Lete.

- Apirilak 13, Soraluze. Ander Zulaika Elola, Garazi Navarro Ugarteburu, Jokin Bergara Eguren, Koldo Gezuraga Seijido, Asier Galarza Garay eta Ane Beloki Lopez.

- Apirilak 14, Itziar. Oier Etxeberria Zubimendi, Aitor Zubikarai Salegi, Oihana Arana Cardenal, Haizea Arana Cardenal, Iker Apraiz Solaguren eta Irati Alkantarilla Urdanpilleta.

 

Finalerdiak 

- Apirilak 30, Eibar.
- Apirilak 28, Deba.

Finala

- Maiatzaren 12an, Ondarroan 18:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu