Seaskak mobilizazinoak antolatu ditu, irakasle gehiago eskatzeko

Bizkaie! 2018-04-04 09:08   Kulturea

Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrerea salatzeko, protesta ekitaldia egingo dabe maiatzaren 4an.

Seaskak Saran egindako agerraldia (argazkia: Euskal Irratiak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Negoziazinoetan irakasle-postu gehiago emongo eutsazala adostu arren, Frantziako Hezkuntza Ministerioak Seaskari orain esan deutso datorren ikasturterako ez dauela postu gehiago aurreikusi. Hurrengo kursoan 230 ikasle gehiago izango dira Seaskaren zentroetan eta, hortaz, erabagia oker handitzat jo dau Iparraldeko ikastolen alkarteak, egoerea jasanezina sortzeraino. Gitxienez beste 25 irakasle-postu behar dituala dino, eskariari kalidadez erantzun ahal izateko. Izan be, irakasle gehiago ekarri ezean, Seaskako ikasgela bakotxean 30 ikasle baino gehiago sartu beharko ditue, eta kasuren baten 50 be bai. Ipar Euskal Herriko ikastola gehienei eragingo deutse Frantziako Gobernuaren ezezkoak. Hartara, Hezkuntza Ministerioagaz hartu-emonak bertan behera itxi eta mobilizazinoak antolatzea erabagi dau Seaskak.

Apirilaren 2an, Saran egin eben agerraldia, egoerearen barri zehatza emoteko eta hurrengo asteetan mobilizazino gehiago egongo dirala aurreratzeko; edsangura horretan, handiena maiatzaren 4koa izango da: Kasu! Ikastola kexu! lelopean gizarteratu dabe euren mezua ikastolek.

Paxkal Indo Seaskako ordezkariak adierazo dau bigarren mailako herritarren pare tratetan dituala Gobernuak. Datu baten barri emon dau: Frantziako hezkuntza sistema osoa kontuan hartuta, ikasle gitxiago egongo dira hurrengo ikasturtean, baina 3.800 irakasle-postu gehiago aurreikusi ditu Ministerioak. Seaskaren sarean, ostera, 230 ikasle gehiago izango ditue, baina irakasle barrietatik bat be ez dabe bertara bialduko.

Frantziako Gobernuaren jarrerea salatzeaz batera, Paxkal Indok Ipar Euskal Herrirako hezkuntza antolakuntza berezia eskatu dau, euskal irakaskuntzearen beharrei hobeto erantzuteko. Beste alor batzuetan halako egiturak sortu izan dira (Euskal Elkargoa, Euskerearen Erakunde Publikoa eta abar) eta hezkuntzan be halako zeozer behar dala aitatu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu