Laburbira zirkuitua gaur hasiko da Bergaran

Bizkaie! 2018-02-28 09:16   Zinemea

Martiaren 27ra arte zortzi film labur ikusteko aukerea egongo da, 29 herritan.

'Kreba' (2017), Oier Fuentes | Ikusi handiago | Argazki originala

Hamabost urte beteko ditu aurten zirkuitu ibiltariak, euskerazko sortzaileen lana herririk herri ezagutarazoz eta ikusleei hemen eta euskeraz sortutako film freskoez gozetako aukerea eskainiz.

Laburbiraren edizino honetan parte hartzeko, Euskaltzaleen Topaguneak 2017an zehar jasotako proposamen guztien artean zortzi film labur aukeratu ditu. Bat izan ezik, guztiak igazkoak dira eta pelikula guztien artean 77 minutuko proiekzino entretenigarria osotu dabela dinoe antolatzaileek. Honeek dira filmak: Ilunpetan (Koldo Carranza), Night Shift (Izaskun Arandia), Higadurak (Oihane Zunzunegi eta Amaia Otaola), Ejecutor (Javi Arriaga), Tazan  (UDA films), Areka (Atxur animazino taldea), Kreba (Oier Fuentes) eta Zulo (Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga).

Zezeilean eta martian, zortzi pelikulok Euskal Herriko 29 herritan ikusi ahal izango dira, baita Londresen, Parisen eta Valentzian be. Lehenengo hitzordua gaur izango da, Bergaran. Azkena, barriz, martiaren 27an, Azpeitian.

Herrian herriko udalakaz zein euskera eta kultura taldeakaz alkarlanean antolatu ditue saioak. Herri bakotxak eskaerea egin dau eta Topaguneagaz adostu dabe emonaldiaren eguna. Honeek dira film laburren zirkuituak bisitauko dituan herriak: Bergara, Ordizia, Azpeitia, Lazkao, Sestao, Ermua, Etxebarri, London, Usurbil, Sondika, Paris, Getaria, Gasteiz, Larraintzar-Ultzama, Irun, Soraluze, Valentzia, Zumaia, Hondarribia, Areatza, Arespalditza, Oñati, Azkoitia, Basauri, Hernani, Biasteri, Igorre, Mutriku eta Arrasate.

Euskeraz sortzen diran film laburrak herriz herri aurkeztea eta gizarteratzea da zikloaren helburua. Kameratoia lehiaketeagaz, Durangoko Azokako Irudienea guneagaz eta Benito Ansola bekeagaz batera, euskal ikus-entzunezkoak bultzatzeko Topaguneak urtero antolatzen dituan ekimenetako bat da Laburbira.

Aurtengo emonaldien egutegia hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu