Ikusmin handia eragin dau Belakoren lan barriak

Bizkaie! 2018-02-27 11:57   Musikea

Mungiako laukotearen hirugarren diskoa da Render Me Numb, Trivial Violence.

Azkenaldion zeresana emon dau Belakok, lekua egin dau zaleen agendetan. Horren erakusgarri dira hemen eta atzerrian emondako kontzertu piloa. Hortaz, ikusmin handiz hartu dau musikearen munduak Mungiako laukotearen disko barria, Render Me Numb, Trivial Violence. Honen aurreko lan bietan legez, ingelesez kantau dabe, baina euskerazko abesti bat be badago tartean.

Hamalau kanta dagoz diskoan eta lan guztiz kontzeptuala ez dan arren, hasieratik amaieraraino entzuteko atondu dabela azaldu dabe Belakoko kideek. Entzunaldiari laguntzeko, kanten artean soinu efektu batzuk be sartu ditue baina aurrekoetan baino lasaiago ibili dira diskoa egiten, presino barik, urteotan eskarmentua pilotu dabe eta. Horregaitik, diskoagaz sano pozik dagozala autortu dabe mungiarrek.

Alderdi teknikotik badaukaz berezitasun batzuk disko barriak; esperimentazinoari atea zabaldu deutsie kanta batzuetan. Ganera, analogikoan grabau dabe, Iñigo Irazokiren eskutik. Hartara, normalean baino muga gehiago izan ditue, baina soinu organikoagoa emon deutse horrek. Autoprodukzinoa da.

Protestarako eta egoera bidebakoei aurre egiteko diskoa da Render Me Numb, Trivial Violence. Taldekideen esanetan, genero indarkeria, etorkinen kontrako jarrerak, ustelkeria eta abar salatu ditue hamalau abestietako berbetan.

Disko barria aurkezteko bireak hara eta hona eroango ditu Belakoko lau kideak hurrengo hileotan. Pasa dan zapatuan jo eben lehenengo kontzertua, Bilboko Euskalduna Jauregian, ehundazak zaleren aurrean; azken urtebetean, Euskal Herrian jo daben lehenengo aldia izan zan, orain arte, publikoaren erantzun onagaz, mundu zabalean ibili diralako kontzertuak emotn.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu