Everest igoteko giro aproposik ez dau izango Txikonek martiaren erdira arte

Bizkaie! 2018-02-27 09:26   Euskaldunak munduan

Zer egin erabagiko dau laster Lemoakoak, baina helburua betetea gatx dauka.

Alex Txikon, Everestera heltzeko ahaleginean | Ikusi handiago | Argazki originala

Igaz jazo jakon moduan, aurten be helburua bete barik bueltau beharko dau Alex Txikonek etxera, itxura guztien arabera. Everest neguan eta oxigeno barik igotea izan da Lemoako mendizalearen erronkea azken urte biotan, baina eguraldiak ez deutso tontorrera heltzen itxi. Aurtengo espedizinoan igaz ikasitako guztia praktikan ipini dabe eta, horri esker, helburutik hur geratu dira Txikon eta kideak, baina azken orduko eguraldi aldaketa baten ondorioz, dana bertan behera itxi behar izan dabe.

Behin Behe Kanpalekura bueltan, Txikonek sare sozialen bidez jakitera emon eban egoerea aztertuko ebala, aurrerantzean zer egin jakiteko. Plazaratu barri dauen mezu baten dinoanez, Behe Kanpalekuan segitzen dau, aukerak aztertzen eta deskantsetan.

Edozelan be, kontua gatx jarri jako: Batetik, aurreikuspenek dinoe Everestera igoteko eguraldi aproposik ez dala egongo martiaren erdira arte, gitxi gorabehera. Bestetik, Temba eta Ali Sadpara Katmandura joan dira, orain arteko ahaleginak jota itxi ditu eta. Horreek biak ez dagozala espedizinoan segitzeko moduan adierazo dau Txikonek. Ganerakoak indartsu dagozala ziurtatu dau bizkaitarrak: Aukerak mahai ganean jarri eta erabagi beharko dogu, dino.

Hain zuzen be, gaur urte bi dira Alex Txikonek eta bere kideek neguko alpinismoaren mugarri bat ipini ebela. Nanga Parbateko tontorrera neguan igon eben lehenengoak izan ziran Simone Moro, Ali Sadpara eta Txikon bera. Tamara Lunger be helburutik hur geratu zan.

Orain dala urte biko arrakastea barriro disfrutetako aukerarik ez deutse emon Everesteko eguraldiak, Txikonek adierazo dauenez, baina hurrengo baten Ali Sadparagaz batera abenturaren baten ibiliko dala ziurtatu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu