Miriam Urkia eta Roberto Gonzalez de Viñaspre, euskaltzain oso

Bizkaie! 2018-02-23 12:07   Euskerea berbagai

Zortzi hileko epea dabe sarrera-berbaldiak aurkezteko.

Miriam Urkia eta Roberto Gonzalez de Viñaspre | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiaren historiako 91. eta 92. euskaltzain osoak izango dira Miriam Urkia eta Roberto Gonzalez de Viñaspre, Akademiako kideek bozketaz holan erabagita, Iruñean gaur egindako batzarrean. Aurrerantzean emeritu izango diran Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdairen ordez sartuko dira. Karmele Jaio be hautagaietako bat zan, baina azkenean Urkia eta Gonzalez de Viñaspre aukeratu ditue.

Hortaz, Akademian euren lekua hartzeko, sarrera-berbaldi bana egin beharko dabe. Zortzi hileko epea emon deutsie horretarako. Behin berbaldi hori emonda, harrera-ekitaldia egingo deutse Euskaltzaindiak Urkiari eta Gonzalez de Viñaspreri.

Bitxikeria bat be badakar izendapen honek, izan be, Euskaltzaindiaren ehun urteko historian, lehenengo aldiz ez da eleizgizonik egongo euskaltzain osoen artean. Sasoi baten gehienak ziran abadeak (Resurreccion Maria Azkue lehenengo euskaltzainburua tartean), baina jokera hori aldatu egin da. Patxi Uribarren zan azken eleizgizona, baina emeritu izatera pasau da.

Roberto González de Viñaspre (Bilbo, 1961), Patxi Uribarrenen ordez sartuko da. Bilbotarra jaiotzez, Araban -Trebiñun- bizi izan da gaztetatik. Euskal Filologiako lizentziaduna da Deustuko Unibertsidadean, eta Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa, Hizkuntza Normalkuntzearen alorrean. Euskaltzain urgazle 2015etik, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria da eta Onomastika batzordearen buru, 2018ko urtarriletik aurrera. Arabako toponimia historikoa da gehien landu dauen ikerketa esparrua, eta arreta bereziagaz aztertu dau Trebiñukoa.

Miriam Urkia Gonzalez (Donostia, 1965) Euskal Filologian doktorea, Joan Mari Torrealdairen ordez izango da euskaltzain oso. Lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan-esparruak. UZEIko langilea 1983tik, Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik eta, teknologiei lotutako lan lexikografikoagaz batera, Euskaltzaindiari lotutako lanetan dabil. Hiztegi Batuko lantaldeko kide 1999tik eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013tik. Euskaltzain urgazlea da 2003tik eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik. Euskerearen Aholku Batzordeko kide be bada 2007tik.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu