Itsasoa Bilbora hurreratuko dau Sail-In Festival-ek

Bizkaie! 2018-02-23 08:18   Kulturea

Bela bidezko nabigazinoagaz lotutako jaialdian pelikulak eta berbaldiak egongo dira.

Martiaren 1etik 4ra bitartean egingo dabe Bilbon V. Sail-In Festival. Bela bidezko nabigazinoari eskainitako hitzordu horretan, alderdi kulturala eta ekonomikoa batzen dira. Era horretara, proiekzino eta berbaldiakaz batera, jardunaldi profesionala be antolatu dabe (Sail-In Pro izenekoa), ontzigintzearen eta nabigazinoaren industriari begira.

Egitarauan, 20 jarduera eta 15 aditu baino gehiago agiri dira, tartean belaontzien alorreko persona ezagunak. Esaterako, François Gabart, belaontzian bakarka munduari bueltea emon eta munduko errekorra gainditu dauen gizona. Gabart frantziarra birritan agertuko da jaialdian: alde batetik, bere  film bi aurkezteko, Retrato de un campeón eta La historia de un récord, biak be estreinaldiak; beste alde batetik, proiekzinoetan egon diran ikus-entzuleakaz berba egingo dau, Sail-In Talks ekitaldian. Barriketaldiotan, Vincent Lauriot-Prévost ontzien diseinatzaileak be parte hartuko dau.

Era berean, Sail-In Tribute saria emongo deutsie aurtengo edizinoan Loïck Peyron ospetsuari, ozeanoko estropadalarien eskola frantziarraren ordezkari ezagunari. Kirol-curriculum parebakoak eta karismeak belearen arloko baloreen ikur bihurtu dabe Peyron eta antolatzaileek kontuan izan dabe hori.

Itsasoagaz lotutako film ugari ikusteko aukerea emongo dau Sail-In festibalak, martiaren 1etik 4ra, Bilboko BBK Salan egingo diran proiekzinoetan. Lehen aitatutako François Gabart-en lanez gan, Thomas Simmonsen Coyote eta Eric Frattini-ren En el nombre de Sharon be nabarmenak dira. Egitaraua, hemen.

Prestakuntzara bideratutako proposamenak, Sail-In Class izenekoak, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egingo dira, eta izen-emoteak 48 orduan agortu dira. Honeek izango dira saioen gidariak: Luis Sáenz Mariscal abogadu eta nabigatzailea, 25 urteko esperientzia dauena America’s Cup-en; eta Juan Kouyoumdjian ontzi-arkitektoa, ozeanoko estropadetarako ontzien diseinuan dauen esperientzia kontetan etorriko dana.

Sail-In jaialdiko zuzendari Urtzi Sagarribayk honako hau adierazo dau: Sail-In Pro eta Sail-In Festival ekitaldiek identidade integratzaile bat partekatzen dabe: kirol-arloko bela-nabigazinoa eta horren ondare sozial, kultural eta ekonomikoaren moltsoa. Funtsezko ardatz biok lotu nahi doguz, prestakuntzea eta soziokulturala, eta barrikuntzea eta garapen ekonomikoa jardunaldi profesionalagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu