Alex Txikon Everesteko tontorrera bidean da

Bizkaie! 2018-02-21 08:35   Euskaldunak munduan

Eguraldi ona lagun, hilaren 24an edo 25ean bete nahi dau helburua.

Alex Txikonek Everestetik bialdutako argazkia | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala aste batzuk bidearen zatirik handiena ekipau eben Alex Txikon alpinista bizkaitarrak eta haren taldekideek, baina haize indartsuaren eta eguraldi txarraren erruz, Behe Kanpalekuan zain geratu behar izan dabe egunotan. Txikonen lantaldeak bialdutako ohar baten arabera, azkenik, egunotan eguraldi hobea aurreikusi dabe eta, hortaz, gaur bertan gorako bideari ekin deutsie.

Dagoeneko bidean dira leukie Alex Txikon, Ali Sadpara pakistandarra eta bost sherpa. Azken barrien arabera, Bigarren Kanpalekura heldu dira. Baimenak hil honen 28an amaitzen diran ezkero, lehen eta azken aukerea izango dabe hau helburua beteteko. Eguraldi txarrak planak atzeratu ditu, joan dan astean egin beharreko ahalegina bertan behera geratu zan eta. Everest neguan eta oxigeno barik igoten lehenengoa izan nahi dau Lemoakoak.

Dana pentsautako moduan badoa, zezeilaren 24an edo 25ean egingo dabe tontorrera igoteko ahalegina. Horretarako, Behe Kanpalekutik haraino dagoan bide luzean hainbat traba pasau beharko ditue. Arriskutsuenak Khumbuko izotz-jausia eta Hirugarren Kanpalekutik gorako tartea dira. Aurreikuspenen arabera, eguraldi oneko tarteak egun batzuetan eutsiko deutsala emoten dau.

Hirugarren Kanpalekura arte, lo egiteko zakuak eroango ditue taldekideek, eta hortik gora motxilea baino ez. Oxigenoari jagokonez, sherpek artifiziala eroango dabe eta beharbada Ali Sadparak be bai, baina Txikonek ez, hori dalako bere erronkearen ardatzetako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu