Euskaldunon Egunkaria gogoratu dabe Andoainen

Bizkaie! 2018-02-20 12:06   Euskerea berbagai

Gaur bete dira 15 urte Guardia Zibilak zarratu ebanetik.

Haren lekukoa hartu eban Berria egunkariak antolatuta, ekitaldi berezia egin dabe Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, Euskaldunon Egunkaria zarratu ebeneko 15. urteurrenaren egunean. Kazetariak eta Berriako arduradunak ez eze, euskalgintzako eta erakundeetako ordezkariak be han izan dira: Miren Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Markel Olano Gipuzkoako Ahadun Nagusia, AEK-ko Mertxe Mujika, Topaguneko Elena Laka, Kontseiluko Paul Bilbao eta abar.

Euskaldunon Egunkariaren Administrazino Kontseiluko lehendakari izandako Joan Mari Torrealdaik eta Berriako Beatriz Zabalondok alkarregaz nabarmendu dabe katea ez dala eten. Egunkariak hasitako bidean lekukoa hartu dau Berriak, eta proiektu biak euskalgintzearen eta herri-ekimenaren arnaseari esker sortu dirala azpimarratu dabe.

Euskaldunon Egunkaria sortzea amesa izan zala gogoratu dabe, jente askoren ekarpenaren emoitzea. Euskerazko egunkaria bideragarri izango ete zan zalantzak egon ziran, baina bidean aurrera segidu eban egitasmoak, harik eta 2003ko zezeilaren 20an Juan del Olmo epaileak zarratzeko agindu eban arte. Egoitzea prezintau eban Guardia Zibilak, eta hainbat lagun atxilotu. Urte batzuk geroago Euskaldunon Egunkaria zarratzea ez zala egokia izan ebatzi eben epaitegiek, eta atxilotuak absolbidu zituen.

Baina ordurako amesa amesgaizto bihurtuta egoan. Maite genduan txoriari hegoak ebagi eutsiezan, nabarmendu dau Iñaki Uriak, Egunkariaren arduradunetako bat zanak. Herritarren erantzuna be gogoan hartu dabe ekitaldian, Egunkaria zarratu eta berehala mobilizazino jentetsuak egin ziran eta. Donostiakoa mugarri izan zan, batutako jentetzeagaitik.

Kazetariak be ez ziran geldirik egon eta Egunkaria zarratu eta biharamunean kalean egoan Egunero. Behin behineko proiektu horren ostean, 2003ko bagilean, Berria sortu eben. Hain zuzen be, Euskaldunon Egunkaria ez da hil, Berrian bizi da, esan dau Torrealdaik.

Martin Ugalde Parkeko ekitaldian Egunkarian eta Berrian parte hartu daben hainbat lagunek euren bizipenak kontau ditue. Tartean egon da Martxelo Otamendi zuzendaria. Uria eta Torrealdai legez, atxilotuetako bat izan zan 2003ko zezeilaren 20 haretan, eta Guardia Zibilaren torturak salatu zituan lehenengoa izan zan, behin behineko espetxealditik urten eta berehala. Gero, beste atxilotu batzuek be tratu txarrak salatu zituen.

Kazetarien alkarteak

Beste alde batetik, Euskal Kazetarien Alkarteak eta Kazetarien Euskal Alkargoak oharra plazaratu dabe, Egunkariaren langile izandako guztiei babesa adierazoteko. 15 urte geroago, itxiereak ez ebala ezelako oinarri juridikorik salatu dabe alkarteok, eta ideologia jakin baten eta errepresinoaren ondorio izan zala. Orduan eragindako minak ez daukala atzera bueltarik nabarmendu dabe.

Era berean, Euskaldunon Egunkaria euskera hutsezko egunkari bakarra zala gogoratu dabe alkarte biek, eta horrek euskerearen aurrerabideari kalte egin eutsala. Gizarte batek demokratiko izateko ezinbestekoak ditu informazino eta adierazpen-askatasuna esanaz biribildu dabe oharra.

Joan Mari Torrealdai eta Beatriz Zabalondo, Andoaingo ekitaldian (argazkia: Jon O. Urain/Berria)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu