Euskalduna Jauregia 'osasuntsu eta aktibo' dago

Bizkaie! 2018-02-19 11:41   Kulturea

2017ko balantzea egin dabe goizeon.

Lorea Bilbao eta Andoni Aldekoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak eta Andoni Aldekoa Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusiak 2017ko datuak aurkezteko agerraldia egin dabe. Aurreko urtean baino % 12 jarduera gehiago antolatu ditue 2017an, danetara 833, tartean 300 ekitaldi kultural baino gehiago.

Horreek datuek erakusten dabe Euskalduna osasuntsu dagoala, bizirik eta aktibo, Bilbaok eta Aldekoak azpimarratu dabenez. Kultura diputaduaren arabera, Foru Aldundiak Euskaldunaren aldeko apustua egiten dau beste herrialde batzuetako ekitaldiak ekarteko kultura ekipamenduetako bat dalako eta lurraldeko kulturgintzarako plataformea dalako. Jauregiko eskaintzea erreferentziazko jardun kulturalagaz lotzen dala ganeratu dau, hau da, BOS, OLBE eta halako erakundeen emonaldiakaz. Gure lurraldeko talentua nazinoartekotzeko plataformea izan behar dau, hau da, bertoko talentua mundura zabaltzeko leihoa.

Euskalduna Jauregiak ikus-entzule guztientzako kultur eskaintza zabala eskaini dau 2017an: musika klasiko eta pop-rock kontzertuak, errezitaldiak, balletak, zarzuelea, operea, antzerkia, jazza, musikalak eta abar. Danetara, 368 emonaldi, 2016an baino % 12 jarduera gehiago, eta % 4ko hazkundea fakturazinoan, gaur emondako datuetan agiri danez.

Eskaintzearen hazkunde hori bertaratu diranen kopuruan be ikusten da, 325.730 lagunek parte hartu eben igaz Euskaldunako jarduera kulturaletan. Ganera, Euskaldunaren eskaintzea zabaldu daben beste gune bi inaugurau ditue, Euskalduna Urban Hall eta Euskalduna Outdoor izenekoak. Ikuskizunen kontratazinoan berezitutako saila sortu dabe.

Kontuak kontu, antzerki ikuskizunak nagusi izan ziran programazinoan, 127 guztira, urtetik urterako igoereari eutsita. Orkestra kontzertuek (78), Música-Musika-ko saioek (75), bestelako kontzertu, errezital eta musika klasikoko emonaldiek (37), opereak (20), banda eta ballet-jantza kontzertuek eta bestelakoek be lekua izan dabe Euskaldunaren egitarauan. Hurrengo urteetan be bide berari eustea da asmoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu