'Three Billiboards Outside Ebbing, Missouri', BAFTAko irabazle

Bizkaie! 2018-02-19 10:07   Zinemea

Film onenaren saria emon deutsie Londresen Martin McDonagh-en lanari.

'Three Billiboards Outside Ebbing, Missouri' pelikulako kideak, BAFTA sariak eskuetan | Ikusi handiago | Argazki originala

Oscar sarietan zer jazo leiteken igarteko arrastoak emoten dituenez, BAFTA sariei adi egoten dira zinemazaleak eta adituak. Britainia Handiko ikus-entzunezkoen arloko sariketa horretako galea egin eben atzo Londresen eta kiniela guztietan agiri dan film bat izan zan nabarmenena, Three Billiboards Outside Ebbing, Missouri.

Hasteko eta behin, pelikularik onenaren garaikurra etxera eroan eban Martin McDonagh zuzendari eta gidoigileak, bere alabearentzat justizia eskatzen dauen andre amerikarraren istorioari esker. Sari garrantzitsuenen artean bost eskuratu ditu Three Billiboards Outside Ebbing, Missouri-k, tartean emakumezko aktorerik onenarena Frances McDormand-entzat.

Gizonezko aktorerik onenaren saria, ostera, Gary Oldman-ek irabazi eban, Winston Churchill-en azalean Darkest Hour pelikulan egindako lanari esker. Zuzendari onenaren garaikurra Guillermo del Toro mexikarrari emon eutsien, The Shape of Water lanagaitik. Halandabe, film hori izan da BAFTA sarietako galtzaileetako bat, hamabi izendapen euki arren, sari garrantzitsuenen artean zuzendari onenarena baino ez dauelako irabazi.

Beraz, Oscarretako kinieletan, Three Billiboards Outside Ebbing, Missouri indartsu dagoala erakutsi dabe BAFTA sariek eta beste faborito nagusiak, The Shape of Water-ek, kolpea hartu dau. BAFTAko kinieletan sendo egoan Dunkerque be esku hutsik geratu da, sari garrantzitsuenetan behinik behin.

Bitxia bada be, Britainia Handiko pelikularik onenaren BAFTA saria Three Billiboards Outside Ebbing, Missouri-rentzat izan zan, aktore guztiak, errodajea eta argumentuaren gaia guztiz amerikarrak izan arren. Berez, produkzino amerikar-britainiarra da eta horrek zabaldu deutso garaikur horretarako atea.

Antzeko beste sari-banaketa batzuetan jazo dan legez, BAFTA sarietako galan be kolore baltzeko soinekoak izan ziran nagusi. Zinemagintzan emakumeen kontrako jazarpen kasu ugari azaleratu dira azkenaldion eta horreek salatzeaz gan, emakumeentzako bidezko tratua eskatu dabe aktoreek jantzi baltzen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu