Argazkigintzeak hartu dau Barakaldoko Munoa etxaldea

Bizkaie! 2018-02-16 13:20   Kulturea

III. Baffest-en hasierea da Teresa del Romero eta Geneviève Lagarde-ren erakusketea.

Erakusketearen aurkezpena, Munoa etxaldeko lorategian | Ikusi handiago | Argazki originala

Modu ofizialean, maiatzaren 25ean hasiko da Baffest, Barakaldoko argazkigintza jaialdia, baina aurretik be hainbat jarduera egongo dira. Esate baterako, dagoeneko zabalik dago Munoa etxaldean Teresa del Romero eta Geneviève Lagarde artisten argazkiak batzen dituan erakusketea. Lehenak Baffest 2017ko euskal argazkilari barrien saria irabazi eban. Lagarde, ostera, Frantziatik dator eta Europako truke-programa bati esker heldu da Barakaldoko jaialdira.

Bagilaren 16ra arte egongo dira argazkilari bien bildumak Munoan ikusgai. Inaugurazinoan Amaia del Campo alkatea, Nerea Cantero zinegotzia eta David de Haro argazkilari eta Baffesteko bultzatzailea egon dira. Del Romerok eta Lagardek be euren argazkien nondik norakoak azaldu ditue.

Munoa parkeko lorategiek modu bikainean egiten dabe bat Baffest-eko argazkiakaz, adierazo dau Del Campok, honen moduko altxor bat ezagutzera emoteko parebako motorra izan leiteke artea. Barakaldo beste udalerri batzuen eredu izango dala uste dau, jarduera kulturala sortzeko orduan.

David de Harok nabarmendu dau argazkigintzeak uri-espazioetan esku hartzeko aukerea emoten dauela, kulturea herritarrei hurreratzeko. Ganera, gogoratu dau Baffest-en emakumeen lanak erakusten dituela eta gizonezkoak nagusi diran alorrean ekarpen garrantzitsua dala.

Teresa del Romero Iruñean jaio zan 1992an eta 17 argazkiko bildumea eroan dau Barakaldora. Bere nortasuna osotuten daben elementuak ezagutzeko, barrurako bidaia bat agertzen dau erakusketan. Haren familia, lagunak eta abar dagoz irudietan. Geneviève Lagardek, ostera, hamaika argazki ipini ditu Munoako etxaldeko lorategian. Eguneroko bizitzako eszenak agiri dira bertan, irakurketeagaz eta literatureagaz lotuak.

2017ko edizinoan, Teresa del Romerok irabazi eban euskal argazkilari barriei eskainitako sariketea, Baffest-en barruan. Antolatzaileek iragarri dabenez, aurten be martxan dago lehiaketea. Emakumezkoek baino ezin dabe parte hartu eta martiaren 23ra arteko epea dago eurek egindako hamar argazki garaikide edo dokumental bialtzeko, obrearen azalpen labur bategaz eta biografiagaz batera.

Sariketako bost finalisten argazkiak Barakaldoko kaleetan erakutsiko ditue maiatzean, III. Baffest jaialdiaren barruan, eta irabazlea 2019ko edizinoko egitarau ofizialera konbidauko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu