Doctor Deseo oholtzara bueltauko da apirilean

Bizkaie! 2018-02-15 09:22   Musikea

Kontzertu batzuk emon eta disko barria plazaratuko dau.

Azken hileak isilik pasau ditu, baina Doctor Deseo talde beteranoak bueltauko zala agindu eban aurreko birea amaitzean, eta berbea bete dau. Apirilaren 14an, La Fuerza de la Fragilidad. Palabras ante el Espejo birea hasiko dabe bilbotarrek Durangon. Pateruenako emonaldi hori birako lehenengoa izango da. Ondoren etorriko dira Gasteiz eta Donostiako kontzertuak, maiatzaren 5ean eta 12an, hurranez hurran. Hil horren 19an, etxean joko dau Doctor Deseok, Bilboko Kafe Antzokian. Maiatzaren 25ean, Iruñean izango dira eta, amaitzeko, Madrilera joango dira, bagilaren 2an. Aurrerago kontzertu gehiago be iragarriko ditue.

Bira hori ez da Doctor Deseok udabarrian ekarriko dauen albiste bakarra, izan be, disko barriari azken ikutuak emoten dabiz eta hurrengo asteetan aurkeztuko dabe. Birearen moduan, diskoak be La Fuerza de la Fragilidad. Palabras ante el Espejo izena eukiko dau.

Oraindino ez dabe disko barriaren inguruko datu askorik zabaldu, baina badirudi CD-DVDa izango dala. Baga-Biga diskoetxeagaz plazaratuko dabe. 2016ko Igual y diferente, una mirada distinta izan zan euren aurreko diskoa, ha be CD-DVDa, eta azken kontzertua 2017ko urtarrilaren 5ean emon eben, Bilboko Santana aretoan. Harrezkero, bilbotarrek urtebete baino gehiagoko etena egin dabe hurrengo kantuak sortu eta zuzenekoak atontzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu