'Errementari'-ren aurrestreinaldia, hilaren 26an, Bilbon eta Gasteizen

Bizkaie! 2018-02-15 08:20   Zinemea

Paul Urkijo zuzendariaren lehenengo film luzea da EiTBren Multibox-en aurkeztutakoa.

Argazkia: Gasteizko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabagaz lotura estua dauka Errementari pelikuleak, Paul Urkijo zuzendaria bera be bertakoa da eta. Ganera, Arabako hainbat lekutan grabau eben eta istorioa herrialde horretako Mendialdeko herri txiki baten kokatuta dago. Hartara, ezin bestela izan, aurrestreinaldia Gasteizen egingo dabe zezeilaren 26an, martiaren 2an zinema-areto guztietara heldu aurretik.

Horrezaz gan, gogoan izan behar da pelikulako pertsonaia batzuek Arabako antxinako euskeraz egiten dabela berba. Paul Urkijoren gidoiak euskalki horretara egokitzen Gorka Lazkano itzultzailea ibili da, Koldo Zuazo hizkuntzalariaren laguntzinoagaz. Testu zaharretan oinarrituta, Arabako Mendialdean aspaldi berba egiten zan hizkerearen antzeko bat sortu dabe.

Gasteizko Udaleko Garapen Iraunkorreko zinegotzi Nerea Melgosak azaldu dauenez, aurrestrenaldi hau ikus-entzunezkoen alorreko sormen-industriaren aldeko apustua izatea nahi dogu, garapen ekonomikoaren eta kultura aberastasunaren sustatzaile dan aldetik. Melgosagaz batera, Paul Urkijo, Iñigo de la Iglesia aktorea eta Luis de Oza produktorea egon dira aurrestreinaldiaren aurkezpenean.

Errementari fantasiazko eta bildurrezko zinemaldi batzuetan baino ez dabe erakutsi orain arte, genero horretako filma dan ezkero. Zinema-aretoetako aurrestreinaldia Gasteizko Floridan izango da, zezeilaren 26an, 20:00etan.

Patxi Errementariaren kondairan oinarritutako istorioa dakar Paul Urkijoren lehenengo film luzeak. Gerra Karlisten sasoian, Aldundiko komisario bat Arabako herritxu batera bialdu dabe, jazoera bitxi bat ikertzera. Han ezagutuko dau Patxi, herriko errementari misteriotsu eta bildurgarria.


Bilbon be bai

Gasteizko ekitaldiaren aurretik, goizean, Bilbon izan dira Errementari filmeko hainbat aktore, lan barria aurkezten. EITBren Multibox aretoan izan da proiekzino berezia eta bertan izan dira Alex de la Iglesia produktoreagaz batera, Eneko Sagardoy, Itziar Ituiño, Kandido Uranga, Maite Bastos, Uma Bracaglia eta Aitor Urzelai aktoreak:

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu