Itziar Barrioren erakusketea zabaldu dau Azkuna Zentroak

Bizkaie! 2018-02-14 13:29   Kulturea

Artista bilbotarrak azken hamarkadan egindako lanak batu ditue.

Argazkia: Azkuna Zentroa | Ikusi handiago | Argazki originala

Johanna Burton-ek 2016an izan eban Itziar Barrio artista bilbotarraren barri, New Yorkeko gune alternatibo baten ikusi eban erakusketearen bidez. Harrezkero, haren lana aztertzen ibili da eta Azkuna Zentroak zabaldu dauen erakusketako komisario bihurtu da Burton. By all means maiatzaren 6ra arte egongo da Bilbon eta Itziar Barriok azken urteotan, gitxi gorabehera azken hamarkadan, euki dauen garapen artistikoaren barri osotasunez emoten dau.

Barrioren lana ulertu ahal izateko, funtsezkoa da jakitea haren obreak atalka eboluzionetan dauela eta espazioan zein denporan garatzen dala, azaldu dau Burtonek. Artelanak sortzen dabilenean, beti jarten dau helburutzat, ez gauzak diran modukoak aurkeztea, ezpada diran modukoak izatera zelan heldu diran. Poterearen eta sedukzinoaren arteko gatazkan sakontzen dau Barriok eta gai ugari lantzen ditu: generoak, arrazak, sexualidadeak, lanak, nahiak...

Ikus-entzunezko baliabideak erabili ditu gehienbat By All Means erakusketea atontzeko. Deigarriak dira hormetan jarritako pantailak eta bertan sortzen diran hari narratibo eta estetikoak. Munduan bakotxak daukan ibilbidea eta personen arteko hartu-emonak aztertu ditu ikus-entzunezko pieza horreen bidez. Bestelako formatuetan be sortzen dau: Performanceak, eskulturea, argazkiak eta abar.

By all means erakusketea doban ikusi leiteke Azkuna Zentroko erakusketa aretoan, 2. solairuan. Astelehenetan zarratuta egongo da. Maiatzaren 6ra arteko epean, erakusketeagaz lotutako jarduera osogarri ugari antolatuko ditue, berbarako, bihar, hilak 15, Itziar Barrio artisteak eta Johanna Burton komisarioak berbaldi baten parte hartuko dabe, Julia Morandeira Arrizabalaga moderatzaile dala.

Era berean, eguenetan (19:00) bisitaldi gidatuak egongo dira, doban. Aurretik izena emon behar da Azkuna Zentroko Infopuntuan edo 944 014 014 telefono zenbakian. Taldekako bisitaldiak be hitzartu ahal izango dira beste egun batzuetan. Ikasleentzat, ostera, tailerrak antolatuko ditue bariku goizetan.

Itziar Barrio (Bilbo, 1976) New Yorken bizi da gaur egun, lan egiteko lekua han dauka eta. Bere sorkuntzak nazinoarteko hainbat espaziotan aurkeztu ditu, Ameriketan zein Europan. Barrioren ezaugarri berezia dira zuzenean grabautako performance-produkzino konplexuak; artisteak dinoanez, danok gara aktoreak, nor bere egoeran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu