Galizia eta Kataluniako literaturak aztergai Bidebarrietan

Bizkaie! 2018-02-12 11:59   Kulturea

Suso de Toro eta Màrius Serra konbidauko ditue martitzeneko Eztabaidak Literatureagaz saiora.

Euren hizkuntzeagaz konpromiso handia daben idazle bi etorriko dira bihar Bilboko Bidebarrieta Liburutegira martitzenean, hilaren 13an, Bilboko Udalak azpimarratu dauenez. Suso de Torok galizieraz idazten dau eta Màrius Serrak, katalanez. Juan Carlos de Rojo moderatzaile dala, hizkuntza horreetan bietan sortzearen gorabeherak jorratuko ditue, Catalunya/Galicia, dos lenguas, dos literaturas izenburupean.

Suso de Torok 2011n be Eztabaidak Literatureagaz zikloko saio baten parte hartu eban. Nobelak, antzerki-lanak zein saiakerak idazten ditu Compostelan jaiotako autoreak, baita telebistako gidoiak eta prentsako artikuluak be. 2003an, Narrazino Sari Nazionala irabazi eban, Trece badaladas lanari esker. Galegozko literaturearen Kritika Saria hiru bider emon deutsie.

Orain dala zortzi urte literaturea itxiko ebala iragarri eban Suso de Torok, baina barriro bueltau eta gogo handiz hasi da idazten; hain zuzen be, hileon plazaratuko dau Fóra de si nobelea, idazteari itxi eutsanetik aterako dauen lehenengoa.

Màrius Serra katalana, ostera, Ingeles Filologian lizentziaduna da, eta ingeles irakaslea. Ospea, baina, bere ama hizkuntzeak, katalanak ekarri eutsan 1996an, Mon oncle lanari esker. Idazle eta hainbat komunikabidetako zutabegile izateaz gan, enigma, berba-jolas eta ludo-hizkuntzalaritzearen fenomeno guztien aztertzaile eta bildumazalea da. Ramon Lllull nobela-saria irabazi eban 2006an, Farsa lanagaitik.

Eztabaidak Literatureagaz zikloko barriketaldien helburua literaturearen munduko autoreak publikoari hurreratzea dala dino Bilboko Udalak. 2007an hasi zanetik, ehundaka idazle eta bestelako sortzaile pasau dira Bidebarrietatik. Martitzeneko saioa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, liburutegiko ekitaldi aretoan. Saioa streaming bidez be ikusi ahal izango da (hemen).

2018/02/13 19:30

Bilboko Bidebarrieta liburutegian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu