Tokikom-eko 18 aldizkarik edizino sistema bateratua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2018-02-09 12:23   Kulturea

Argitalpen honeek modu ordenatu eta profesionalago baten egin ahal izango dabe lan.

Hainbat hilebetetako lanaren ostean, Tokikom-en sarea osotuten daben hamazortzi aldizkarik edizino sistema bateratua ezarri dabe egunotan. Dinoenez, euren arteko koordinazinoan eta profesionalizazinoan pausu historikoa emon dabe.

Edizino sistema bateratua martxan jarteko, herri aldizkari honeek hainbat aurrelan be egin behar izan ditue, danek be euren arteko eduki trukea erraztu eta argitaratutako produktuen kalidadean eragin zuzena izateko.

Tresnen estandarizazinoa jarri dabe martxan lehenengo, hau da, aldizkari guztiak diseinu eta maketazino programa eta bersino bera erabilten hasi dira. Horrek aldizkarien artean edukiak trukatzea errazagoa izatea ahalbidetuko dau.

Diseinua be bardina izango da hamazortzi argitalpen honeetan. Diseinu-liburutegi erraldoi bat osotu dabe Goiena-ren laguntzinoagaz, nahi daben aldizkariek erabili deien. Holan, aldizkari batzuk orain arte erabilten eben maketazino amateurra baztertu, eta haren ordez erispide tekniko eta artistiko profesionalakaz sortutako diseinuak erabilten hasi dira, azken produktuaren kalidadea hobetuz.

Azpiegituraren aldetik be, Tokikom-ek eta aldizkariek sasoi eta lan molde barrietara egokitzeko lan egin dabe, eta sare eta interkonekzino azpiegitura konplexua ezarri dabe, aldizkariek euren artean eta zerbitzari zentral bategaz beti konektauta egon ahal izateko. Honen bidez, aldizkari guztiek euren materiala partekatu ahal izango dabe sareko ganerakoakaz.

Partekatze hori errazteko, danentzako artxibo sistemea be jarri dabe martxan aldizkariek. Aurrerantzean, aldizkari guztiek produziduten daben edukia, besteak beste, testuak, argazkiak zein diseinu osoak, zerbitzari zentral baten gorde eta artxibauko dira.

Aitatutako azpiegitura fisiko guztia kontroletako, esparru editorialean Sirius Publisher izeneko edizino sistemea erabilten hasi dira herri aldizkariak. Sistema aurreratu honek hainbat abantaila eskaintzen ditu, aldizkarion lana erraztu eta emoitzen kalidadea hobetzen laguntzeko.

Jone Guenetxeak, Durangaldeko Anboto astekariaren zuzendari eta Tokikom-eko presidenteak azaldu dauenez, sistema honek ahalegin handia eskatu deusku, eta oraindik be gehiago eskatuko deusku hurrengo asteotan, batez be lan egiteko modua erabat aldaten eta ordenetan behartuko gaituelako, baina seguru gagoz onerako izango dala.

Tokikom taldeko zuzendari Alaitz Artolazabalek, bere aldetik, beste edozein industriatan jazoten dan moduan, toki komunikabideen esparruan be funtsezkoa da barrikuntzea, antolakuntzan zein teknologian, eta proiektu honek alderdi biak buztartzen ditu, adierazo dau.

Sistema barrian sartu diran aldizkariak:

  • Aiaraldea
  • Aikor
  • Aiurri
  • Alea
  • Anboto
  • Baleike
  • Geuria
  • Goiena
  • Guaixe
  • Hiruka
  • Karkara
  • Kronika
  • Maxixatzen
  • Noaua
  • Pilpilean
  • Txintxarri
  • Ttipi-Ttapa
  • Uztarria

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu