Ekitaldi ugari Bizkaia Zubiaren 125. urteurrenean

Bizkaie! 2018-02-08 10:43   Kulturea

Kirola eta kulturea buztartuko ditu egitarauak, eta nazinoarteko azoka bat be egingo dabe.

Bizkaia Zubia, urteurreneko argiakaz | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurten 125 urte beteko ditu Portugalete eta Areeta batzen dituan Bizkaia Zubiak, zubi esegiak, 1893ko garagarrilaren 28an zabaldu eben eta. Atzo hasi zan, modu ofizialean, ospakizunen sasoia, erakunde publikoetako ordezkariak bertan zirala. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburu Alfredo Retortillo, Bizkaiko Foru Aldundiko Imanol Pradales eta Lorea Bilbao, Portugalete eta Getxoko alkateak eta Portu Agintaritzako kideak egon ziran.

Urte guztian ekitaldi ugari egongo dira UNESCOren Gizateriaren Ondare izentautako zubiaren inguruan. Batetik, kultureari lotutakoak: Bertsolaritzea, arte plastikoak, literaturea eta abar. Era berean, zubiaren gerizpean gastronomia-lehiaketak eta bestelako jai batzuk egiteko asmoa be badabe erakundeek.

Bestetik, kirola be egongo da urteurreneko ospakizunetan. Mende eta laureneko historian, makina bat estropada pasau dira zubiaren azpiko uretatik eta, jakina, egitarauan be halakoak sartu ditue. Erakustaldiak eta lasterketa herrikoiak be egongo dira. Ospakizunak atzo bertan hasi ziran, 125  zenbakia handi-handi erakusten daben neoizko argi gorriak ipini zituen zubiaren alde banatan, Portugaletekoan eta Areetakoan.

Urteurrenagaz bat eginaz, ganera, Zubi Transbordadoreen II. Biltzarra Bizkaian antolatuko dabe, garagarrilean, hau da, zubi esegiak 125 urte beteko dituan hilean bertan. Era horretan egindako zazpi zubi geratzen dira gaur egun munduan, Bizkaikoaz gan: Britainia Handian hiru, Alemanian bi eta Argentinan eta Frantzian bana. Horreen guztien ordezkariak etorriko dira biltzarrera. Eusko Jaurlaritzeak, hitzordu horregaz lotuta, turismoaren ganeko foroa antolatuko dau.

Aspaldi, aurrerapen teknikoak eta burdina alkarren eskutik joan ziran sasoian, Bizkaiko Zubiaren erako egiturak ospe handikoak ziran gizartean (Parisko Eiffel torrea gogoan izan behar da). Alfredo Retortillo sailburuak adierazo dauenez, zubia Iraultza Industrialaren ikurra da. Industriagaz lotutako turismoa bultzatzeko ahalegina egingo dau Jaurlaritzeak, Retortilloren arabera: Bisitan datozan bidaiariei bestelako bizgarriak eskaintzeaz ganera, baliogarria izan behar dau gure historiaren funtsezko zati bat aldarrikatzeko.

 

Erakundeetako ordezkariak, 125. urteurreneko ekitaldiak aurkezteko agerraldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu