Euskerearen behar naturala

Patxi Saez 2018-02-08 08:15   Euskerea berbagai

Euskerearen erabileran behar sozialak dauen indarraz gogoetea egin dau Patxi Saezek.

Azpeitiko Plaza Nagusia (Wikimedia Commons) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerea normalizau nahi badogu, euskerea gizartearen erdigunean jarri nahi badogu, euskerearen aldeko aldaketa soziala eragin nahi badogu, euskereak berak, komunikazino hizkuntza legez erabilteko, behar naturala (sozio-funtzionala) sortuarazo behar dau hiztunen artean.

Egoera normalizatuan dagoan hizkuntzeak hiztunakan eragindako behar hori berezkoa dau, naturala. Hizkuntzearen berezko hiztunentzat, batik bat elebidundu barik dagozanentzat, hizkuntzearen beharra ikusezina da: berezko adierazpide daben hizkuntzearen erabilerea erabat arrunt eta ohikoa jake. Ikusi daigun Bernardo Atxaga idazlearen testigantzea:

Umezaroko aldi labur baten hizkuntzea erabat arrunta izan jatan euskerea. Ez neban hari buruzko eretxi edo, gerora sarritan legez, kezkarik. Aitari eta amari atta eta ama deitzen neutsen, euriari ebi edo eguzkiari eguzki deitzen neutsen legez, eta horretan erabagiten zan dana, personak eta gauzak izentetako modu betikoaren erabileran.

Gizakiak bere gizakitasunetik maila bitako behar naturalak ditu: alde batetik, norbanakoari jagokozan oinarri-oinarrizko beharrak ditu, behar fisiologikoak, bizirik irauteko nahitaezkoak (arnasea hartu, elikatu, lo egin, bere burua garbitu, jantzi, osasuna jagon...). Eta, beste alde batetik, gizarte mailako beharrak ditu, ganerako gizakiakaz dituan hartu-emon edo gizarte mailako alkarrekintzetatik sortutako beharrak (familia sortu, lagunak izan, maitasuna, onarpena, estatus bat lortu, prestigioa, arrakastea, autoerrealizazinoa...). Hain zuzen be, hizkuntza bat —gurean euskerea— bere hiztunek dituen beharrizanak asetzeko tresna baliogarria dan neurrian bihurtuko da ezinbesteko edo—baliorik ezean— hutsaren hurrengo.

Hizkuntza batek asetzen dauen komunikazino beharrik oinarrizkoena ume jaiobarriarena da. Gizakiaren beharrik oinarrizkoenak behar fisiologikoak dira, hau da, gizakiak bizirik irauteko oinarrizkoenak. Beraz, gizakiaren berezko behar naturalen mailarik oinarrizkoenean, ume jaiobarriarena izango geunke. Hil ala bizikoa dau ume jaiobarriak ama dauenari bere behar oinarrizkoen barri emotea. Umetxu babesbakoak ez dau gaitasunik bere kasa elikatzeko, eta ama barik ezin dau iraun. Lehenengo egun eta hilebeteetan umeek negarra dabe adierazpide eta, hizkuntzea ikasteko gaitasuna garatu ahala, esan ohi daben lehenengo berbea munduko hizkuntza guztietan ia berbera da: ama. Gizakiarentzat ahoskatzeko fonemarik errazenak ezpainbikoak dira: m, p eta b. Baita a bokal edegia be. Berba egiteko saiakeran, umearen ahotik urten ohi diran lehen soinu horreek, gurasoek euren buruagaz lotzen ditue eta, horregaitik, munduko hizkuntzetan ama da berbarik unibersalena. Horregaitik, hain zuzen be, munduaren bi muturretan, Nepalen eta Euskal Herrian, izen berbera dauka gu guztion sortzaileak: ama.

Gizakiak, edozein harreman sistematara heltzen danean, familia izan, lagunartea izan, lantokia izan edo herri bat izan, ahalegin betea egingo dau harreman-sare horretan erabilten dan komunikazino moldea bereganatzeko. Izan be, gizaki orok antolaketa sozial batera egokitzeko ahalegina egingo dau, antolaketa sozial horrek bere gizatasunaren oinarrizko beharrak beteten dituan neurrian.

Hizkuntza ororen bizi-indarra antolaketa sozial baten dauen funtzionaltasunaren araberakoa da. Hizkuntza bat zenbat eta funtzionalago eta erabiliago izan, orduan eta ezagutza zabalagoa eta orokortuagoa izango dau sistema sozial horretako kideen artean. Azken baten, hizkuntza batek funtzionaltasun eta erabilera handia badau antolaketa sozial jakin baten, behar natural handia sortuarazoko dau bertan txertatu nahi daben kide barrien artean.

Ikusi daigun herri mailako antolaketa sozial baten adibidea:

Hilebete batzuk daroez Azpeitian bizi izaten Valeria Silva brasildarrak eta Veronica Medina espainiarrak. Ez batak, ez besteak, ez eben uste Azpeitian beharrezko izango ebenik euskerea bizi izateko. Hona heldu eta harrituta gelditu nintzan, zera pentsau neban: zer gaztelania arraro berba egiten dabe hemen?, azaldu dau Silvak. Segiduan erabagi eben euskerea ikasten hastea.

Egia da euskerea ezin dozula erabili Euskal Herritik kanpo; baina bardin deutso, garrantzitsua da orain hemen gagozalako. Ogia erosteko behar dot euskerea, adierazo dau Medinak. Lagunak be euskaldunak egin dituala esan dau; hori dala-eta emoten deutso garrantzia hizkuntzeari.

Lagunak egiteko baino gehiago, lanerako ikusten dot garrantzitsua hizkuntzea. Hemen gelditzeko etorri naz, eta hemengo jenteari zerbitzuren bat emon nahi badeutsat, euskerea jakin beharra dago, erantzun deutso Silvak.

Valeria Silva brasildarrari eta Veronica Medina espainiarrari jazo jaken legez, euskerea erabiltearen aldeko egoera sozialean dagoanak, nahiz eta erderaz hobeto moldatu, ahalegina egingo dau egoereak sortzen deutsan behar natural horretara egokitzeko eta gehiengoak dauen hizkuntza jokabidera moldatuko da. Beharbada, moldaketa edo egokitzapen hori ez dau egingo nahi dauelako, ezta horretarako borondatea dauelako be, ezpada jokabide sozialaren aurka ez joateagaitik, azken baten, sistema horretan euskerea erabilteko dagoan arau soziala ez urratzeagaitik eta gatazkea ez sortzeagaitik.

Sistema sozial baten gehiengoak finkatutako arau soziala ez beteteak gatazkea sortu leike eta sistema sozial horren periferian, baztertuta gelditzeko arriskua dago. Beraz, gure gizatasunetik etenbako onarpenaren eta integrazinoaren bila gabizanez, egokitu egingo gara gizarte-sistemeak finkatutako jokabideetara, baita euskeraz egiteko dagoan arau sozialera be. Euskerearen aldeko egoera sozialean dagoana, nahiz eta erderaz hobeto moldatu, euskeraz egiten ohitzen joango da, gaitasuna eskuratzen, jarrerea aldatzen eta, azken baten, euskerea erabat erabilgarri bihurtuko jako, izan be, praktika etenbakoak ekarriko dau hizkuntzea barruratzea eta erraztasunez erabiltea.

Patxi Saez Beloki. Soziolinguistea eta Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kidea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu