Desbardintasunaren naturaltasuna agertuko dau Zinegoak-ek

Dabi Piedra 2018-02-06 12:38   Zinemea

Sail ofizialean 23 film erakutsiko ditue.

Julen Nafarrate, Oneka Alvarez eta Pau Guillen | Ikusi handiago | Argazki originala

Zezeilaren 19tik martiaren 4ra bitartean egingo dabe Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazinoarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia. Egituraz, igazko edizinoaren pareko dator aurtengo hau, barriro be aste biko jaialdiaren alde egin dabe.

Edozelan be, gauza asko aldatu dira: Batetik, Zinegoak Alkartea jaio da, antolakuntza lanak bere esku egon daitezan eta, bestetik, detaile txiki baina garrantzitsu bat egokitu dabe: Lehen Gaylesbotrans zan jaialdia, orain Gaylesbitrans, holan bisexualen errealidadea be kontuan hartzeko.

Arautik kanpo bizi diranei protagonismoa emon nahi deutsegu, azaldu dau Julen Nafarrate Zinegoak-eko komunikazino arduradunak jaialdia aurkezteko ekitaldian. Aniztasuna aldarrikatu nahi dogu, desbardintasunaren naturaltasuna. Horixe izango da 15. edizino honen ardatza, horren inguruan erabagi ditue ziklo gehienetako parte-hartzaileak, ohorezko sariduna eta kartela. Aniztasunak ez gaitu desbardin egiten, alkartu egiten gaitu, adierazo dau Pau Guillen jaialdiko zuzendariak, danok gara desbardinak gauzaren baten.

Ohiko moduan, fikzinoa eta dokumentalak egongo dira sail ofizialean. Zehatz esanda, 16 lehiatuko dira fikzinoaren atalean, eta zazpi dokumentalenean. Tartean dagoz mundu mailako estreinaldi bi: Nove de Novembro (Lazaro Louzao), galizieraz egindako lehenengo gaylesbitrans filma, eta Enfemme (Alba Barbé i Serra). Epaimahai ofizialak ez eze, gazteen epaimahaiak be sariak banatuko ditu. Sail ofizialetik kanpokoak kontuan hartuta, 135 proiekzino antolatu ditue.

Pelikuletan parte hartu daben zuzendariak eta aktoreak Bilbora ekarteko ahalegina be egiten dau Zinegoak-ek. Pau Guillenek azaldu dauenez, proiekzinoak huts-hutsean antolatzea baino gehiago lortu nahi dabe publikoari aukerea emonaz egileari galderak egiteko. Aurten, 37 gonbidatu egongo dira.

Lehenengo astean, zezeilaren 19ko inaugurazino ekitaldian hasita, sail ofizialeko film guztiak emongo ditue, Golem, Bilborock eta BilbaoArteko proiekzinoetan. Bigarren astean, pelikula horreen bigarren paseak eta jarduera osogarriak egongo dira, berbarako, lehiaz kanpoko Begiradak atalean, umeen eta transexualidadearen gaia jorratzen daben sei film eskainiko ditue. Azkenaldion azalera urten dau gai horrek, Pau Guillenen esanetan.

Euskal Begirada atalean, ostera, beste sei film labur emongo ditue, danak Euskal Herrian produzidutakoak. Sail horretan sartu ditue Beti bezperako koplak (Ageda taldea), Euritan (Irati Gorostidi, Arantza Santesteban) eta Homoamak (Ainhoa Artetxe) euskerazko lanak. Zinema klasikoa, memoria historikoaren ganeko topaketak, pinkwashing-aren inguruko berbaldia eta abar be bigarren astean izango dira.

Programazino oparoa dakar, beraz, Zinegoak jaialdiak aurten be, mundu mailako estreinaldi bi eta Europako beste hiru egongo dirala ikusita, Bilbokoa jaialdien artean erreferentzia bihurtzen hasi dala azpimarratu dau Julen Nafarratek. Aurtengo edizinoan parte hartzeko, mundu guztiko 522 proposamen jaso ditue.

Hori gitxi ez, eta jaialdiak luzapenak izango ditu, bai hasi aurretik, baita amaitu eta gero be. Zezeilaren 14an, 3,2,1... Zinegoak! aurre-jaialdia hasiko da: Bilboko hainbat gune kultural eta alkartegaz lankidetzan antolatzen da ziklo hori: Guggenheim, Pikara Magazine, Sare Lesbianista, Intifada Marika, BBK Sala eta abar.

Zinegoak amaitu eta gero, ostera, Hedapena zikloak jaialdiko film interesgarrienak eroango ditu herririk herri, martiaren 2tik apirilaren 11ra. Hego Euskal Herriko 40 herritan egingo ditue proiekzinoak. Oneka Alvarez Hedapena ataleko arduradunak azaldu dauenez, Gipuzkoan interesa nabarmen handitu da, 15 proiekzino antolatu dituelako han, igazko zazpiren aldean. Saio gehien, dana dala, Bizkaian egongo dira, 19. Araban lau eta Nafarroan hiru izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu