'XXI. Mendeko Emakume Idazleak' zikloari hasierea emongo deutsie Bilbon

Bizkaie! 2018-02-06 11:19   Kulturea

Najat El Hachmi idazlea izango da, eguenean, hilaren 8an, Bidebarrietako lehenengo berbaldian.

Najat El Hachmi idazlea | Ikusi handiago | Argazki originala

Bidebarrieta Kulturguneak, narratiba garaikideko emakume egileen ganeko XXI. Mendeko Emakume Idazleak zikloari berrekingo deutso eguen honetan, zezeilaren 8an. Hitzordu honetan, Najat El Hachmi egileak Madre de leche y miel bere azken elebarria aurkeztuko dau. Nobela feminista honek espazioa eta ahotsa aldarrikatzen ditu emakumeentzat.

Najat El Hachmi Marokon jaio zan 1979. urtean. Hamaika urte zituala hasi izan idazten eta geroago, Bartzelonan bizi zala, Filologia arabiarrean lizentziau zan. 2004an, Yo también soy catalana liburua argitaratu eban. Horrezaz gan, irratietako barriketaldietan hartzen dau parte eta artikuluak argitaratzen ditu prentsa idatzian. El último patriarca lanak Ramon Llull Saria jaso eban 2008an eta lehenengo elebarriari emoten jakon Prix Ulysse izenekoa 2009an, eta Prix Méditerranée Étranger 2009 lehiaketearen finalistea izan zan. Lan hori hainbat hizkuntzatara itzuli dabe, ingelesera, frantsesera, italierara, portugesera, turkierara, errumanierara eta arabierara.

Madre de leche y miel bere azken elebarriak, lehen personan kontetan dau Rifeko emakume musulman baten istorioa. Fatimak, ezkondua eta ama, atzean lagako ditu familia eta bere betiko herria, alabeagaz Kataluniara joateko. Bertan bizitzea aurrera ateratzeko burrukan egin beharko dau.

Idoia Jauregi kazetariak gidatutako XXI. Mendeko Emakume Idazleak zikloa igaz abiarazo eben, irakurleen aldetik erantzun ona izandako literatura garaikideko emakume egileetan oinarritzeko helburuagaz. Orain arte Dolores Redondok, Eva García Saenz de Urturik, María Oruñak, Almudena Grandesek eta Alicia Giménezek hartu dabe parte topaketa horreetan.

Emonaldia arrastiko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librea izango da aretoko leku guztiak bete arte eta streaming bidez eskainiko da webgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu