'Artistak Egoitzan' programan parte hartzeko epea zabalik

Bizkaie! 2018-02-06 09:47   Kulturea

Martiaren 9ra arte egongo da ikerketea eta barrikuntzea sustatzeko ekimenean izena emoteko aukerea.

Artistak Egoitzan programearen 2018ko deialdia edegi dau Bilboko Udalak BilbaoEszenaren uriko Baliabide Eszenikoen Zentroaren bitartez. Ekimena orain dala bederatzi urte jarri eben matxan eta Bilbon arte eszenikoen alorrean ikerketea eta barrikuntzea sustatzea eta bultzatzea dau helburu.

Deialdira aurkeztu nahi daben euskal konpainiek edo artistek martiaren 9ra arte aurkeztu ahal izango ditue euren sorkuntza proposamenak. Programa honetan parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da www.bilbao.eus edo www.badbilbao.eus webguneetan dagoan deialdiaren inprimaki ofiziala betetea. Ez da onartuko posta elektronikoz, ohiko postaz edo bertara hurreratuz aurkezten dan proposamenik.

BilbaoEszenak hiru arte proiektu aukeratuko ditu. Horreen helburu nagusiak proposamen eszenikoak sortzea, ikertzea eta zabaltzea izango da. Egoitzetako bat euskerazko proiektu onenarentzat izango da eta besteak Euskal Herriko konpainien eta artisten proiektuentzat beste edozein hizkuntzatan.

Artistak Egoitzan programearen helburu nagusia artistei eta artista taldeei laguntzinoa emotea da, arlo eszenikoetan sorkuntza edo ikerketa prozesuak aurrera eroateko baliabideak eskainiz (ekonomikoak, teknikoak, prestakuntzakoak, laguntzakoak…)

Programa honetan, Bilboko Udalak, BilbaoEszenaren bidez, helburu bi lortu nahi ditu: batetik, arte eszenikoen esparruko arte sorkuntzea sustatzea, eta, bestetik, garapen eta ikerketa-prozesuak bultzatzea, batez be, dramaturgia barriak ardatz nagusia izanik. Horrezaz gan, hirugarren helburua be aitatu behar da, sorkuntzako talentua topau eta erakartea, hain zuzen be, produkzino garapen prozesurako sarrerea erraztuz.

Hamazortzi urtetik gorako Euskal Herriko artistek, bakarka edo taldeka aurkeztu leikiez deialdi honetarako proiektuak, arte eszeniko garaikidearen sorkuntza edo ikerketako lan prozesuetan BilbaoEszenagaz parte hartu nahi badabe.

Egoitza bakotxak gehienez 25 eguneko iraupena izango dau eta epealdi hori modu trinkoan egingo da, aurkeztutako eta aukeratutako proiektu artistikoan oinarrituta. Egoitzak BilbaoEszenaren lokaletan eta uriko beste eszena gune batzuetan egingo dira, batez be garagarrilean, abuztuan, irailean eta urrian. Proiektu bakotxerako diru-kopurua 4.000 eurokoa izango da. Horrezaz gan, aukeratutakoek euren sorkuntza prozesuak ikus-entzuleen edo sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukerea izango dabe, Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikideko Jaialdian, BAD-en, edo Udalak bultzatutako beste edozein ekimen eszenikotan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu