Bruce Davidsonen argazkigintza soziala heldu da Rekalde Aretora

Dabi Piedra 2018-02-05 12:22   Kulturea

Estadu Batuetako bizimodua eta jentearen kezkak agiri dira atzera begirako erakusketan.

Lorea Bilbao, Carlos Gollonet eta Mapfreko Javier Olías Mena. Atzeko autoerretratuan Bruce Davidson agiri da, gaztetan. | Ikusi handiago | Argazki originala

XX. mendeko argazkilaririk entzutetsuenetako baten lan oparoa Bilboko Rekalde Aretora ekarri dabe, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Mapfre Fundazinoak alkarregaz antolatutako atzera-begirakoari esker. Ia 200 argazkitan, Bruce Davidsonek bere ibilbide luzean ateratako argazkirik esanguratsuenak batu ditue, azken 60 urteotako Estadu Batuen erretratu ilun eta errealistea. Batez be, herrialde haretako gatazka sozial nagusiak kamareagaz harrapatzeagaitik egin da ezagun Bruce Davidson.

Carlos Gollonet erakusketako komisarioak azaldu dauenez, fotokazetaria baino, dokumentalistea da Davidson, hau da, jazoerak bat-batean erretratau ordez, patxada handiagoagaz egiten ditu serieak. Hori bai, ezohiko dokumentalistea da, lantzen dituan gaietan inplikau egiten dalako, komisarioaren esanetan. Argazkietan agiri diran persona askogaz hartu-emon estuak ditu Davidsonek, euren kezkak eta burrukak ulertzen ahalegintzen da kamarearen bidez zein eguneroko tratuan.

Bruce Davidsonen aldi kreatibo osoa batu dabe erakusketan, 1950eko hamarkadan hasita. Aldizkari eta argazki-liburu ospetsuetan ateratako serieak dagoz Rekalde Aretoan, baita sekula jentaurrean erakutsi bakoak be. Enkarguz egindako argazki komertzialak alboratu dituela dino Gollonetek, eta ikuspegi personalena agertzen dabenak aukeratu. Kronologiaren arabera antolatu doguz, obrea ulertzen laguntzeko eta lan egiteko erea erakusteko.

Komisarioaren esanetan, Estadu Batuetako momentu gatazkatsuenetako batzuen lekuko izan zan Davidson, 1950eko hamarkadatik aurrera. Baltzen eskubideen aldeko burrukea, New Yorkeko pobrezia, bazterreko auzoetako gazte-bandak eta abar erakutsi zituan bere serieetan. Argazki gordinak dira, errealidadea bere horretan agertzen dabenak, eta horrek tirabiraren bat ekarri eutsan aldizkari ezagunakaz. Halandabe, lan asko argitaratu eutsiezan eta bere lanaren balioa azpimarratzeko orduan aditu guztiak bat datoz.

Life aldizkariak kontratu finkoa eskaini eutsan, Davidsonek 24 urte baino ez eukazanean, eta uko egin eutsan, askatasunez lan egiteko. Hartara, Magnum agentzian hasi zan, gaiak aukeratzeko libreago zalako han. Golloneten arabera, sasoi intensoa izan zan 20. mendearen bigarren erdia Estadu Batuetan, eta Davidsonek ederto jaso eban hori bere argazkietan. 1970eko hamarkadatik aurrera, Estadu Batuetako argazkilaritzan eragin sakona izan dau.

Bilbon ikusgai dagozan argazkien ikuspegi soziala azpimarratu dau komisarioak: Serieka egiten dau lan eta, batzuetan, hileak edo urteak emoten ditu bategaz. Davidsonen estiloa sailkatzen gatxa dala uste dau, baina argazkilari humanistatzat joten da.

Bartzelonan, Madrilen, Vienan eta Rotterdamen egon da erakusketa hau Bilbora heldu aurretik. Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak nabarmendu dauenez, sormenak eta talentu artistikoak Rekalde Aretoan gero eta leku handiagoa hartzea da gure helburua. Davidsonen kalidade handiko argazkiak aitatu ditu Bilbaok.

Hain zuzen be, maiatzaren 6ra arte egongo da erakusketea Rekalde Aretoan, eta doban sartu leiteke. Eguenero bisitaldi komentaduak antolatuko ditue (18:00, ez da izena emon behar) eta asteburuetan tailerrak egongo dira.

2018/02/05 - 2018/05/06

Bilboko Rekalde aretoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu