'Ikusmira Berriak' programan izena emoteko epea zabalik

Bizkaie! 2018-02-05 12:02   Zinemea

Proposamenak  apirilaren 5era arte aurkeztu ahal izango dira.

Egonaldiak egiteko eta ikus-entzunezko proiektuak lantzeko Ikusmira Berriak programeak bere laugarren edizinoaren deialdia abiarazo dau gaur. Zinema Ikasleen Nazinoarteko Topaketearen azken bost edizinoetako parte-hartzaileek, Euskal Autonomia Erkidegoko zinemagileek, Espainiako ganerako lurraldeetako zinemagileek eta atzerriko zuzendariek euren proiektuen izena emon leikie, bakotxak jagokon kategorian. Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroak eta Donostia Zinemaldiak, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetzeagaz, sustatzen dabe programa hau.

Ikusmira Berriak egitasmoak sei asteko egonaldia eskainiko dau. Lehenengo lau asteetan, errealizadoreek Tabakalerako Sortzaileen gunean garatzen ditue euren proiektuak, hainbat profesionalen eskutik aholkuak eta tailerrak jasoten dituen bitartean, honeek dira batzuk: Sergio Oksman, John Paul Sniadecki, Oskar Alegría eta Andrés Di Tella; Ada Solomon, Fernanda del Nido edo Koldo Zuazua produktoreak edo Paz Lázaro (Berlinale) eta Carlo Chatrian (Locarnoko zinema-jaialdia) programatzaileak. Egonaldiaren bosgarren astean, pitching saioa atontzen dabe; hau da egonaldiaren seigarren eta azken astean, Donostiako Zinemaldiaren esparruan, proiektua industriako profesionalei aurkezteko saioa.

Egoiliarrek euren proiektuetan alkarlanean ibilteko interesa daben profesionalakaz hitzorduak jarteko aukerea ez eze, Zinemaldiko emonaldietara eta industria-jardueretara joateko akreditazinoa be izango dabe.

Hiru edizinoren ondoren, Ikusmira Berriak programea egonkortu eta erreferentzia bihurtu da. Horren adibide argiena aurreko edizinoetan aukeratutako lanak dira. Sortzaileen Gunean egoiliar moduan hartu genduzan proiektu batzuk, heltze prozesuan lagundu genduzanak, amaituta dagoz eta hainbat lekutan aurkeztu dira dagoeneko, azaldu dau Tabakalerako kultura zuzendari Ane Rodríguez Armendarizek.

Ikusmira Berriak programako lehen hiru edizinoetan aukeratutako hiru proiektu amaituta dagoz: Pablo Álvarezen El extraño, Leo Calice eta Gerhard Tremlen Calipatria eta Tamyka Smithen Gwendolyn Green film laburrak 2016ko eta 2017ko Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztu zituen. Aurten, lehen edizinoko film luze biren estreinaldia aurreikusi dabe: Trote, Xacio Bañok zuzendua, eta Muga deitzen da Pausoa, Maider Oleagarena, biak ala biak postprodukzino-fasean dagoz orain.

Ikusmira Berriak programako proiektuak interes handia biztuten hasi dira nazinoarteko zinema-jaialdi garrantzitsuenetan. Aurten, nazinoarteko ibilbideari ekingo deutsie Xacio Baño eta Maider Oleagaren film luzeek, azpimarratu dau Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek.

Programea Donostia 2016 Europako Kultura Uriburuaren ondarearen parte da, eta 20.000 euroko diru-laguntzinoa emongo dau aukeratutako proiektuen artean banatzeko. Modu berean, REC Grabaketa Estudioak bere zerbitzuak eskainiko ditu sari moduan, film labur baten postprodukzinorako (10.500 euro) eta film luze baten postprodukzinorako (35.000 euro).

Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 5ean amaituko da. Egonaldien betekizunak eta baldintzak programearen webgunean dagoz. Bagilean jakinarazoko da zeintzuk diran aukeratutako lau proiektuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu