Lau saiakera labur batu ditu Joxe Azurmendik bere azken lanera

Bizkaie! 2018-02-05 09:48   Kulturea

Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk izenpean dator Elkar argitaletxeagaz kaleratu dauen liburua.

Danetara, lau saiakera batu ditu Joxe Azurmendik Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk bildumara. Atal laburrak dira honeek, egilearen ohiko estilo ñabar eta bizian, edukietan jantzia eta tonuan zirikatzailea, arrazoiketan malgu baina usteetan finko, erreferentzietan kosmopolitea eta keinuetan etxeko. Izan be, gutaz berba egiten dau Azurmendik liburuan, gomutez eta itxaropenez bizirik jarraitu nahi dauen Euskal Herri baldar, baina modu berean maite honetaz.

Lana osotuten dauen saioetako batek multikulturalismoaren eta mestizajearen gaia jorratzen dau, globalizazinoaz eta unibersaltasunaz, négritude mobimentuaren historiatik abiatuz eta gaur egungo urietaraino; beste baten, herri zapalduek oro har autogorrotorako izan daben jokerea erakusten dau, hainbat juduk bere jatorriaz izan daben jokabidearen argitan: mespretxua eta ukoa, itxurazko goratze baina izatezko ahazturea.

Hurrengo testu batek historiaren objektua beti eraikuntza bat dala gogorarazoten deusku, eta asmautako iraganak herri baten sorreran eta bilakaeran dauen garrantzia azpimarratu, hainbat adibide erabiliz: Asterix galiarraren balentriak, Karlos V.a enperadorearen genealogiak, mito zaharrak eta utopia barriak…

Joxe Azurmendi Otaegi Zegaman jaio zan 1941. urtean. Filosofiako katedratikoa izan da EHUn, Jakin taldeko partaidea eta euskal saiogilerik zorrotz eta barritzaileena be bada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu