'Sherezade eta tipularen azalak' antzerki obrea estreinauko dabe gaur

Bizkaie! 2018-02-02 11:45   Kulturea

Vaiven konpainiaren 20. urteurrenagaz bat dator ikuskizun barria.

Hamarkada bi egin ditu Vaiven antzerki konpainiak oholtza ganean, alde batetik bestera ibili da urte guzti honeetan, agertokiz agertoki. Hogeitik gora dira sortu dituan produkzinoak, beti euren filosofiari eutsita, hau da, gai sozialak azaleratu, bustitzeraino. Holakoa da euren urteurrena ospatzeko asmoz gaur Donostiako Antzoki Zaharrean estreinauko daben Sherezade eta tipularen azalak obrea.

Inprobisazinoa dau oinarrian antzezkizun honek, lan kolektiboa izan dala dinoe eta oso intensoa. Sherezade izeneko ipuinean jazoten dan moduan, obra honetako personaiak euren patua elikatzen dauen istorioa kontetan datoz, ikutu surrealistadun antzezlan baten bidez. Dinoenez, ipuina ondorio larririk ez dauen guzurra da. Ez jakuz guri hain kaltebakoak begitantzen…

Amamak bizitzea ikusteko modua erabagiten daben ipuinak entzuten ditu eta alabeari kontetan deutsoz. Emakumeak ipuin horreek errepetiduten ditu eta bere egiten. Senarrak bere buruari kontetan deutso paradisuak eregiten dituala… Holan pasetan dira euren bizitza egiunezkoak.

Baina denporearen ezinbesteko joanak, hartu-emonak konsumiduko ditu eta edozer gauza justifiketan dauen sistemeaganako fedea gastau egingo dau. Amamak ipuinak barik kontu-zaharrak kontauko ditu, emakumeak pausoak eta negarrik ez egiteko, kipulearen azalak zenbatuko ditu sukaldean eta senarrak botilak.

Neskatxua, barriz, kokoteraino dago kontuak kontetan deutsiezalako eta plazentatik, bere ohorezko talaian, aurrean jarri deutsien izateak bizitzea merezdui ete dauen galdetzen deutso bere buruari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu