Belako eta Revolta Permanent Mundaka Festivalen izango dira

Bizkaie! 2018-02-02 11:18   Musikea

Euren proiektu barriak aurkeztu ahal izango ditue.

Belako taldea Mundakan izango da | Ikusi handiago | Argazki originala

Garagarrilaren 27tik 29ra egingo dabe Mundaka Festival jaialdi musikal, gastronomiko eta kulturala. Oholtzan egongo diran artisten zerrendea atontzen dabiz antolatzaileak eta egunotan lau izen barri lotu ditue: Belako, Revolta Permanent, !!! (Chk, Chk, Chk) eta Rayden.

Lehenengo biak, Belako eta Revolta Permanent, azkenaldion zeresana emon daben euskal taldeak dira. Mungiako bandeak lekua egin dau nazinoarteko eszenan, hara eta hona ibilten da kontzertuak emoten. Ganera, hileon bertan disko barria ateratzekoak dira, Render Me Numb, Trivial Violence izenekoa.

Revolta Permanentek, ostera, orain dala egun batzuk plazaratu eban bere disko barria, Ultravioleta. Hip hop estiloko zortzi abesti dakarz bizkaitarren hirugarren diskoak. Hainbat produktore entzutetsuren laguntzinoa izan eben grabazinoan eta New Yorkera be joan ziran azken ikutuak emoten.

!!! (Chk, Chk, Chk), ostera, Estadu Batuetatik dator. Dancepunk estiloko talde zabal hau 1995etik dabil oholtzarik oholtza. Duda barik, izen bitxia da talde honen alderdirik deigarriena, baina mundu guztiko agertokietan ezagun egin diran kanta batzuk be nabarmenak dira.

Laukotea osotuteko, Rayden MC espainiarra aitatu behar da. David Martínez Álvarezen ezizena da Rayden eta, aurretik talde batzuetako kide izan dan arren, gaur egun bakarlari dabil. Rap estiloa lantzen dau gehienbat, bat-bateko lehiaketa asko irabazi ditu.

Egunotan baieztautako lau izen horreekaz batera, lehendik iragarrita egon diran Enrique Bunbury, Fink eta Depedro dagoz Mundaka Festivaleko egitarauan. Hurrengo asteetan artista gehiago batu leitekez zerrendara. Antolatzaileek jakitera emon dabenez, hiru eguneko abonua 55 euroan dago salgai, baina laster amaituko da eskaintza hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu