Rock ilunagoa, Rural Zombies-en bigarren lanean

Bizkaie! 2018-02-01 09:31   Musikea

From Home To Hospital St. diskoa plazaratu dabe zestoarrek

Rural Zombies taldea | Ikusi handiago | Argazki originala

Gazte-gazterik hasi zan joten Rural Zombies bandea eta, lehenengo diskotik urte batzuk pasauta, disko helduagoa dakarre oraingoan. 2015etik hona, musikazaleen agendetan lekua egitea lortu dabe eta jaialdi garrantzitsuetara konbidau ditue, BBK Livera eta Sonoramara, esaterako. Hortaz, bigarren lan honetan, lehenengoagaz zabaldutako bideari eustea eta, ahal bada, hobetzea izango da helburua.

Eñaut Gaztañaga produktorearen laguntzinoagaz, soinu barriak plazaratzen ahalegindu da Rural Zombies orain, euren estiloari buelta bat emonaz. From Home To Hospital St. disko rockeroa da, gitarrek agintzen dabe, baita sintetizadoreek be. Halandabe, produkzinoko moldaketetan baino, kantetan euretan arretea jarten ahalegindu dira. Modu horretara, Rural Zombiesek orain arte erakutsi dauena baino rock ilunagotzat jo leiteke diskoaren estiloa.

Abestiei jagokenez, ohiko moduan ingelesez idatzi ditue, baina diskoko lehenengoa, Nana, euskeraz dago. Hori bada, beraz, beste nobedade bat. Taldekideak euskaldunak dira, baina ingelesez kantetan erosoago sentiduten dira, euren erreferenteak be hizkuntza horretatik datozalako. Jaioterriari keinua egin nahi izan deutsie, baina, diskoa euskerazko pieza bategaz zabalduta.

Noraeza, igesa... diskoko abestietan errepetiduten diran ideak dira, eta joera malenkoniatsua be ez da falta. Izenburuak berak be badauka ikutu misteriotsu bat baina, izatez, Bartzelonako Hospital Clinic metro-geralekuari eginiko erreferentzia da. Hori guztia, Julia Urreaga kantariaren ahots bereziaz abestua.

Azken finean, Rural Zombiesek orain arte batutako eskarmentua erabli nahi izan dau hazten segitzeko. Disko dotorea eta indartsua da, taldekideen esanetan. Hurrengo egunetan lan barria zuzenean aurkezteari ekingo deutsie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu