Sei izen handi Donostiako Jazzaldirako

Bizkaie! 2018-02-01 09:04   Musikea

Chick Corea, Brad Mehldau, Caetano Veloso, Kenny Barron, Benny Green eta Maceo Parker egitarauan sartu ditue.

Chick Corea Donostian izango da (argazkia: Heineken Jazzaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako 53. Heineken Jazzaldiko arduradunak programazinoa zarratzeko lanean dabiz asteotan eta goi mailako sei artista konbidauko dituela zabaldu barri dabe. Garagarrilaren 25etik 29ra egingo dan jaialdian, Chick Corea, Brad Mehldau, Caetano Veloso, Kenny Barron, Benny Green eta Maceo Parker egongo dira eta, azken horrek, ganera, Ray Charlesen Orkestrearen eta The Raelettes taldearen laguntzinoa izango dau oholtzan.

Chick Corea hiruko akustiko bategaz dator, John Patitucci eta Dave Weckl-egaz batera. Jazzaldiko arduradunen esanetan, horreexek dira, azkenaldi honetan, piano-jole amerikarragaz ondoen konpontzen diran musikariak.

Kenny Barron, bestetik, heldutasun artistikoaren gailurrean dago, antolatzaileen esanetan. Boskote formatuan dator eta disko barria aurkeztuko dau. Barroni 2000. urtean emon eutsien Donostiako Jazzaldia Saria. Chick Coreak, ostera, 1998an jaso eban sari hori.

Pianoan maisu dan beste bat Brad Mehldau da, Heineken Jazzaldiko ikus-entzuleek gogoko daben artistea. Bere hirukoteagaz etorriko da. Benny Greenek be erakustaldia emongo dau pianoan.

Caetano Veloso brasildarra, musikagile oparoa ez eze, abeslari dotorea da, eta bere azken proiektua ekarriko dau Donostiara, hiru seme lagun dituala: Moreno, Tom eta Zeca. Ray Charles handiaren ondarea be entzun ahal izango dau publikoak, haren orkestrearen eskutik eta Maceo Parker saxofonista indartsua gidari dala.

Seikote hori, aurrez iragarritako zerrendara gehituko da: Gregory Porter, Cécile McLorin Salvant, Carla Bley, Dave Holland, Michel Portal, Zakir Hussain, Jacob Collier, Bruce Barth, Julian Lage, Endangered Blood, Tom Ibarra, Iñaki Salvador, Marco Mezquida eta GoGo Penguin Donostian izango dirala baieztau dau Jazzaldiak.

Kontuak kontu, sarrerak zezeilaren amaiera aldera jarriko ditue salgai eta, antolatzaileen arabera, ordurako artista gehiagoren barri emongo dabe. Ez dabe baztertu jazzaren munduko nazinoarteko beste izar batzuk be ekartea aurtengo edizinoan bertan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu