II. Sopela Surf Film Sessions, gaurtik zapatura

Bizkaie! 2018-02-01 08:24   Zinemea

Nazinoarteko egileen dokumental laburrak proiektauko ditue.

Nathan Curren eta Pierre Denovelek zuzendutako 'Biarritz Surf Gang' filmeko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala



Bigarren urtez antolatu dau Sopelako Udalak, TAUI Media enpreseagaz batera, Sopela Surf Film Sessions izeneko zikloa. Izenak dinoan legez, surfagaz lotutako filmak dira ekimenaren ardatza. Kurtzio Kultur Etxean egingo ditue proiekzinoak, zezeilaren 1etik 3ra, eta doban sartu ahal izango dau publikoak.

Udalak azaldu dauenez, nobedade nagusi bi dakarz aurtengo edizinoak: Batetik, hiru hitzordu egongo dira, gaur, bihar eta zapatuan, 19:00etatik 21:00etara bitartean. Bigarren nobedadea erakutsiko diran pelikulen kalidadean dago, igazkoen aldean hobeak izango dirala agindu dabe antolatzaileek. Sopela nazinoarteko surfaren erreferente bihurtzea da zikloaren helburuetako bat eta, Udalaren ustez, bide horretan lagunduko dau goi mailako egileen lanak ekarteko ahaleginak.

Era horretara, surfagaz lotutako dokumental ezagunak egin dituen autoreen filmak izango dira Sopelan ikusgai; horreetako batzuk, ganera, proiekzinoetan egongo dira, eta publikoagaz esperientziak partekatuko ditue. Gonbidatuen artean dagoz Inka Reichert, German Pinelo, Mireia Martinez, Annika Von Schütz, Garazi Sanchez, Carlos Arrola, Cesare Maglioni, David Bustamante, Aitor Francesena eta Carlos Ferrandiz.

Hilaren 1ean, zikloari ekiteko, Elizabeth Pepin eta Paul Ferrarisen La Maestra, Nathan Curren eta Pierre Denovelen Biarritz Surf Gang eta Jon Aspururen A dream come true proiektauko ditue. Biharamunean, German Pineloren Big Session San Borondon, The Carpenter eta Freedom Philippines ikusi ahal izango dira, baita Philip Gnadt eta Mickey Yamineren Gaza Surf Club, Diego Borgesen The Blinking Island eta Borja Amondarainen Sorginetxe Big Wave Erronka 2018 be.

Azkenik, zezeilaren 3an, zapatuan, emakumezkoen surfa izango da gai bakarra: Inka Reicherten White Waves, Annika Von Schützen Set up to sell - Surfen als Lifestyleprodukt, Mireia Martinezen Lanzarote, Traveler 1 eta Maldivas, Victor Cresporen Bali Utopía eta Ixa Llambiasen Testigo eta An oddisey in the Southern Seas emongo ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu