Adimen urritasuna daben artistak, Batzar Nagusiei begira

Bizkaie! 2017-11-29 12:11   Kulturea

Hemen gaude erakusketea urtarrilaren 31ra arte ikusi ahal izango da.

Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak Hemen gaude erakusketea zabaldu dau, adimen urritasuna daukien personek osotutako talde batek azken hileotan Bizkaiko Batzarren gainean gauzatu dauen begiradea. Bizkaiko Batzarren egoitzetara bisitak egin eta horreen historia eta eskumenak ezagutu eta gero, Bilbao Formarte alkarteko kide diran horreek 20 personek euren artelanetan agertu dabe forutasunaren, eskubide historikoen eta Bizkaiaren sinbologiaren ganeko ikuspegia.

Sormenean oinarritutako bidaia hori martiaren 14an hasi eben, Gernikako Batzarretxera egindako bisiteagaz. Bertan, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak taldeari harrerea egin eta Batzarretako egoitza historikoa ezagutzera eroan eban. Bertan jaso ahal izan zituen euren artelanetarako lehenengo ideak. Ibilpide historiko-kulturalak Batzarretako beste egoitza bitan egindako topaketakaz jarraitu eban: Gerediagan eta Abellanedan.

Aurretiazko ikasketa horri esker, foru idiosinkrasiaren ikuspegiak agertzen dituan talde erakusketea antolatu ahal izan da. Bertan, 20 artistaren beste horrenbeste artelan ikusi leitekez. Batzar Nagusiek erakundeen egituran zelan funtzionetan daben erakusteko azterlanari esker, itzuli sortzailea emon ahal izan jake Batzarren ikonografiari eta nortasun zeinuei. 

Batzar Nagusien egoitzak, Deiadar Mendien Eguna, Gernikako Arbolea, Gernikaren bonbardaketea, Bizkaiko Jaunak edo Mendietaren artelanen interpretazinoa, besteak beste, modu barritzailean ikusi ahal izango dira urtarrilaren 31ra arte Batzar Nagusien Bilboko Egoitzako erakusketa aretoan. Sartzea doban da.

Artista taldea Bilbao Formarte proiektuaren barruan dago. Urritasun psikikoa eta intelektuala daukienei sorkuntza artistikoaren bitartez garapen personaleko programea eskaintzen deutsen prestakuntza gunea da hori. Arte plastikoen arloan egiten dabe behar batez be, eta bakotxak aukerea dauka bere artelana aurrera eroateko, artearen bitartez bere hezkuntzeagaz jarraitzeko eta sormena handitzeko. Batzarren proiektuak euren ideen leit motiv-a jarraitzen dau: ikasleari hazkunde eta garapen artistikoa eta personala eskaintzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu