Poesiari eskaini deutsie 'Hegats' aldizkariaren zenbaki barria

Bizkaie! 2017-11-29 11:24   Kulturea

Felipe Juaristik koordinau dau Euskal Idazleen Alkarteak bultzatutako argitalpena.

Jasone Osoro (Idazleen Alkarteko lehendakaria) eta Felipe Juaristi, ale barria eskuetan dabela (argazkia: EIE) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala hiru urte hasitako ibilbidean aurrera doa Hegats aldizkaria. Formatua aldatu eban orduko haretan, irakurle gehiago erakarteko helburuagaz. Euskal Idazleen Alkarteak ale bat plazaratzen dau urtero, eta aurtengoa prest dago. Hegats-en aro barriko lehenengo zenbakia Lander Garrok koordinau eban, bigarrena Alaine Agirrek eta, oraingoan, Felipe Juaristik bete dau zeregin hori. Ale barriko edukien gai nagusia poesia da.

Euskal olerkigintzan askotariko autoreak dagozala erakusten ahalegindu da Juaristi Hegats-en zenbaki barrian. Horretarako, hainbat belaunalditako eta estilotako autoreak kontuan hartu ditu. Gaur egun, euskal poesian loraldia dagoala uste dau Juaristik.

Errepaso zabal hori egiteko, alkarrizketetara jo dau Hegats-ek neurri handi baten. Ale barriko orrietan agiri da, esate baterako, Juaristik berak Tere Irastorzari egindako alkarrizketea. Bestetik, Pello Otxotekok Patxi Ezkiagagaz egin dau berba, Uxue Razkinek Luis Gardegaz eta Amaia Garciak Jule Goikoetxea eta Itxaro Bordagaz.

Euskal poesiaren bilakaerea eta gaur egungo egoerea jorratzen dituen artikuluak be badakarz Hegats-ek. Ganera, Felipe Juaristik hamazazpi liburu gomendagarri aukeratu ditu. Atzerriko olerkigintzeari be begiratu deutsie, Alfonsina Storni, Primo Levi, Carson McCullers eta abar aitatuaz.

Urteurrenei jagokenez, Iratxe Retolazak bere begiradatik idatzi dau Gernikako bonardaketearen 80. urteurrenaren inguruan. Hedoi Etxartek eta Joxe Iriartek, ostera, Errusiako Iraultzearen mendeurrenean jarri dabe arretea. Aurten hildako Luis Mari Mujika, Hasier Etxeberria, Marijane Minaberri eta Pierre Xarriton idazleak be gogoan izan ditue Hegats-en zenbaki barrian.

Durangoko Azokan izango da Euskal Idazleen Alkartea eta bertan eskuratu ahal izango da Hegats, bost euroan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu