'Lur Errebeldean' da Etsaiakeroak taldearen lan barria

Bizkaie! 2017-11-27 11:16   Musikea

Sei kantuz osotutako diskoa Baga Biga diskoetxearen eskutik dator.

2016an sortu eban Auo abeslariak Etsaiakeroak eta lekeitiarraren itxurara, pentsamoldera eta irudira egindako taldea izateko jaio zan. Urte bian disko bi kaleratu ditue eta erritmo bizi horri eustea gatxa izan danez, igaz sortutako bandeak aldaketak izan ditu jada, musikari batzuk urten eta beste batzuk sartu egin dira. Urte osoan 25 kontzertu emon, Euskal Herriko uriburuetan jo, jai handienetan izan dira, herri txikietako jai herrikoietan, Kuban eta Katalunian.

Urte bizi-bizi baten ostean, barriz, joan dan hilean, Etsaikeroak-ek Mutrikuko AME Estudioan sartzea erabagi eban eta egonaldi horren frutua da eskuartean dogun Lur Errebeldean lan barria.

Bildumarako Iñaki Urrutiak diskoko baxu guztiak jo ditu, Tokik ahotsak jarri ditu Nahi ta Ezin, Aurrera eskuak, Lur errebeldean eta Abuso del poder abestietarako. Mikel Lazkanok gitarrea jo dau Nahi ta Ezin, Aurrera eskuak, Lur errebeldea eta Abuso del poder piezetarako, Juan S.A. taldekoak ahotsa sartu dau Abuso del poder kantuan eta ahotsaren grabaketa horretaz talde bereko Jimmy arduratu da. Garilak 26 taldeko Enekok albokea jo dau Aurrera eskuak abestian. Larraitz Piede Hierrok irrintziak eta txalapartea grabau ditu Aurrera eskuak kanturako eta, amaitzeko, Kubako Ismelek azala egin dau.

Baga Biga argitaletxeko koordinatzaile Ritxi Aizpuruk dinoanez, lan barria musika errebeldearen bigarren kolpe bortitza da. Etsaiakeroak taldeak musikea ulertzeko dauen modua muturrekoa da, erdibidekoa bide ertzean lagata. Abiadura ahotsean, raparen trebetasuna, ziztu bizian gitarretan, baxuan txinpartea, baterian kolpe zorrotza eta latza eta perkusinoetan bizipozaren kontrapuntua. Trinko eta kamuts barik doa hard-corea metalaren ondareagaz babestuta eta punkaren keinuakaz lagunduta.

Etsaiakeroak taldearen musikeari kolorea emoteko perkusinoa be sartu dabe. Bestetik, aurreskuaren bersinoa euskal senari eta tradizinoari gorazarre egiteko sortu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu