Aneguriak irabazi dau 9. Banden Lehia

Bizkaie! 2017-11-27 07:58   Musikea

Bilborock aretoan jokatutako finalean, epaileen oneretxia izan dau talde bilbotarrak.

Finalista guztiak, Bilborockeko oholtzan (argazkia: Azkue Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko musika talde barriak ezagutzera emoteko helburuagaz antolatzen dau Azkue Fundazinoak Banden Lehia, urtero. Aurtengo edizinoko finala barikuan izan zan, Bilborock aretoan, eta lau finalista egon ziran oholtzan: Akabu (Galdakao), Aneguria (Bilbo), Azken Trena (Bera) eta Raust! (Basauri). Oihan Vegak aurkeztutako saio horretan, Itziarren Semeak talde ezagunak be jo eban.

Lau finalisten lana entzun eta gero, irabazlea aukeratzeko bide bi egon ziran: batetik, publikoaren eretxia, sare sozialen bidez emondakoa. Bestetik, epaimahaiaren balorazinoa. Ritxi Aizpuru, Aritz Gonzalez, Xabi Hoo eta Maia Muruaga egon ziran epaimahaian. Sare sozialetan beste talde batzuek eskuratu eben oihartzun handiagoa, baina epaileek aho batez erabagi eben sari nagusia Aneguriak merezidu ebala.

Sari potoloa dauka zain Aneguriak: Baga-biga diskoetxearen eskutik diskoa plazaratu ahal izango dau, horretarako baliabide profesionalak eta aholkularitzea jasota. Normalean, hurrengo Banden Lehiaren aurkezpenagaz batera plazaratzen da diskoa, beraz, 2018ko udagoienerako kalean egongo da Aneguriaren lan barria. Hori gitxi ez, eta jaialdi entzutetsu bitan joteko aukerea izango dau, hau da, Bilbao BBK Live-n eta Bartzelonako EH Sona-n.

Giro bikaina sortu eben Bilborocken musikariek eta publikoak. Aretoa bete-beteta egon zan, lau finalisten zaleei esker eta baita Itziarren Semeak ikustera joan ziranakaitik be. Sare sozialak sutan egon ziran, 6.605 txio bota zituen zaleek Twitterren.

Euskerazko rock musikea era barritzailean sustatzea da Banden Lehiaren helburua. Egitasmoak euskerea, musikea eta teknologia barriak buztartzen ditu. Era horretara, lehenengo fasean taldeek internet bidez izena emon eben eta publikoak euren gogokoenen aldeko botoa emon eban. Boto horreek kontuan hartuta, talde bat sailkatu zan finalerako; beste hiru finalistak epaimahai profesionalak aukeratu zituan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu